IRRATIA

Eli Eizagirre: «Heldu nahiz txiki, guztientzat izango da uda berezi»

Pandemiaren ondorioz, 2020an eta eta 2021an Oporrak Bakean programa bertan behera geratu zen; baina udara honetan, Euskal Herria saharar errefuxiatu kanpamentuetan jaio eta hazi diren haurrez beteko da. 

Saharar haurrak Tolosan, pandemiaren aurretik. (Oporrak Bakean)

This browser does not support the audio element.


Bi urte igaro dira mundu mailako pandemia hasi zenetik, eta beraz, bi urte dira Oporrak Bakean programa berta behera geratu zela. Osasun egoera zela eta, saharar errefuxiatu kanpamentuetan jaio eta hazi diren haurrek ezin izan zuten Euskal Herrira etorri, harrera familietan udara igarotzera. 

Aurten ordea, 2022ko udaran, haur eta familiek besarkatzeko aukera izango dute. Oporrak Bakean 2022 ekimena abian da, ahalik eta haur gehienek uda gurean pasa dezaten. «Bi urtez zai egon gara euskaldun asko, eta beste askok lehen harremana izango dute» kontatu digu Eli Eizagirrek, Oporrak Bakeaen-en Gipuzkoako korrdinatzaileak.

Aurten bereziki garrantzitsua izango da ekimena, pandemiak bortitz jo baititu errefuxiatu kanpamentuak. Hala ere, «bi urteren ostean, makineria hoztu egin da» aitortu digu Eizagirrek, eta horregatik, harrera familia bila dabiltza. Bi hilabetez, 8-15 urte bitarteko neska-mutilei udara berezi bat eskaintzea da asmoa. Parte hartzeko, «gogoa, denbora eta saharar herriarekiko elkartasuna» eduki behar dira, besterik ez.  

«Saharar herria herri ahaztua da» gogorarazi digu Eizagirrek. Oporrak Bakean ekimena desagertzeko jaio zen, saharar herriaren egoera hobetzen bada, ez delako programaren beharrik izango. «Aurtengoa azkena izan dadila, baina ezinezkoa den bitartean, kanpaina berri bat aurrera ateratzeko beharra izango dugu».

Parte hartu nahi duenak, izena eman dezake Oporrak Bakean ekimenaren webgunean.