Hasi da Loraldia
Kulturak loratuko ditu Bilboko kaleak martxoaren 7tik 27ra bitarte. Astelehenean abiatu zen Loraldia 2022, euskal kultura eta sortzaileen jaialdia. Gazte sortzaileak eta ikus-entzuleak protagonista izango dituen eguna izan da aurtengo edizioko apustu handiena.
This browser does not support the audio element.
Loraldia Festibalaren zortzigarren edizioa hasi zen astelehenean Bilbon. Aurten ere, euskal kultura eta sortzaileei behar duen lekua emateko prestatu dute ia hilabeteko programa. Guztira 26 ikuskizun eta 110 sortzaile baino gehiago ikusi ahal izango ditugu Bilboko 14 gunetan, martxoaren 7tik 27ra. Programazioaren nondik norakoak azaldu dizkigu Amaia Ocerin Ladrerok, Loraldiako komunikazio arduradunak.
VIII. edizio honetan Ruper Ordorikaren 'Hautsi da anphora' diska berreskuratu du, izan ere, «disko horrek eztanda ekarri zuen euskal kulturgintzara» eta izpiritu horrekin bat dator Loraldia. Diskoak 40 urte bete zituen 2020. urtean eta urtemuga ospatzea izan zen ideia. Pandemiaren eraginez bi urte beranduago iritsi da ospakizuna eta Loraldian ostiralean izango da Ruper Ordorikaren kontzertua.
Horrez gain gazte sortzaileak eta ikus-entzuleak protagonista izango dituen eguna izan da aurtengo edizioko apustu handiena. «Beti saiatzen gara gazteen sormena eta gazteentzat ekintzak proposatzen, baina aurten egun oso bat eskaini nahi izan diogu», graffiti eta beatbox tailerrak, Euskal Herriko beatbox txapelketaren 5. edizioa, antzerkia, musika… denetik izango duela azaldu digu Amaiak.
Gainera, Loraldiaren funtsa inoiz baino ageriago dago: «Loraldiak ez ditu soilik biran dauden ikuskizunak programatzen, berezko ekoizpenak ere baditugu». Disziplina desberdinek osatutako ikuskizunak, sortzaileen arteko harremanak eta euren arteko uztartzea ikusi ahal izango ditugu jaialdian.
Gauza askoz gehiago kontatu dizkigu Amaia Ocerin Ladrerok Bigarren Kafean.