IRRATIA

Ibilbide luzea duten musikariak azken ‘Zarata’ tartean

Eszena irekitzen doala nabaritu du Iker Bárbara kazetari bilbotarrak, azken Zarata Mondosonoro aldizkariko agenda horren adierazle. Proposamen musikalak ere ez dira falta eta lau berri ekarri dizkigu.

McEnroe talde bilbotarrak 6. diskoa atera zuen 2019an eta berria bidean da. (MCENROE)

This browser does not support the audio element.


Getxon sortutako Mc Enroe taldea izan da azken tartean Iker Bárbarak proposatutako lehen taldea: «Aurten 20 urte betetzen dituen taldea da Mc Enroe. Urteurren hau ospatzeko, ‘Veinte’ deituriko diskoa kaleratu dute eta bira batekin aurkeztuko dute lan hau. ‘Cerezas’ abestia izan da gaur ekarri dudan abestia, Jimena Lezonek kolaboratzen duelako, taldeko abeslari eta baxu-jotzaile den Ricardo Lezonen alabak. Jimenak jadanik taldearekin kolaboratu du beste abesti batean, ‘Un Rayo de Luz’ abestian, 2016. urtean, eta izugarria iruditzen zait musikari berdinez osatuta egon arren, ahotsak proiektu oso bat aldatzeko duen joera. Aita bezala, zure alabak ibilbide berdina hartzeak oso polita izan behar duela uste dut eta berarekin kolaborazioak egitea harro egotekoa da».

Ibilbide luzea duen musikaria baina proiektu berria den Ghau izan da Bárbarak ekarritako bigarren proposamena: «Gartxot Unsain musikari paregabearen proiektu berria da eta hainbat taldetan egon ondoren, musika talde bat baino gehiago izatea nahi duen proiektua da Ghau. Rock eta post rock doinuetatik aldendu eta soinu elektroniko eta poperoetan murgildu da Gartxot, estetikan izugarrizko lana eginez, arte eszenikoetan asko sartuz, dantzak sartuz eta bideoklip landuak sortuz. Horrelako proiektu kuriosoak, geroz eta gehiago ateratzen ari direla konturatzen ari naiz, kalitate eta ausardi handiarekin eszena zabalduz. Muga asko apurtzen ari dira garai baten rock eszenako musikariak, bihotza zabalduz eta duela urte batzuk posible izango ez zen beste arlo batzuk jorratuz».

James Room kantautorearen lan berriarekin jarraitu du tartea Mondosonoroko zuzendariak: «‘Etxean’ deituriko lana da kantautore bilbotarrak kaleratu duen proiektu berria. Pandemia garaian kontzertu bat eskaini zuen eta formatu berezia izan zen, bikote bezala, soinu akustikoago batekin aritu zen. Lan berri honetan sorpresa bat izan dugu, ‘Agur Jaunak’ abestiaren bi bertsio egin dituelako, alde batetik, bertsio akustikoan sortu du abestia, eta, bestetik, buelta bat emanez bertsio modernoago bat sortu du, abestiari ‘Agur Jaunak 2.0’ izena emanez. ‘Egin Hegan’ da lana osatzen duen beste kanta eta abesti honetan, ingelesez, gaztelaniaz eta euskaraz abesten du. Azken abesti honen hitzak Izaskun Gracia Quintakak idatzi dituela ere aipatu behar da. Bilbo aldetik James Room artista ezaguna dela esan dezakegu eta folk amerikarraren ildotik doaz bere doinuak, azkenean, folk amerikarra, country-a eta hard rock-a, gaur egun Euskal Herrian asko lantzen ari diren estiloak dira».

Occhi Di Farfalla izan da ‘Zarata’ tartea itxi duen azken taldea: «Hasieratik gaur arte, izugarrizko eboluzioa izan duen taldea da eta harrigarria iruditzen zait taldeak bere bidearen ondorioz lortu duen soinua. ‘Iraun’ deituriko lan berria aurkeztu dute, Bonberenea Ekintzak zigiluaren eskutik eta zazpi abestiz osatutako proiektua da. ‘Sagar erreak eta ardao gorria’ abestia izan da gaur ekarri dudana, eta, zuzenean ikusteko gogoa eragin dit talde honek, itxura ona duelako, indatsua eta soinu rockeroa duena».

– McEnroe - Cerezas ft. Jimena

– Ghau - Biluzik

– James Room - Agur Jaunak 2.0

– Occhi di farfalla - Sagar erreak eta ardao gorria