IRRATIA

Nortasun krisiak eta presio sozialak telesail eta filmetan

Astelehenero, pelikula eta telesailen gomendioen zerrenda egiten digu Idoia Davila Uzkudunek. Aste honetako proposamen guztiek, era batera edo bestera, presio sozialaren gaia jorratzen dute.

Puri-purian dauden telesail eta pelikulak. (Bigarren Kafea)

This browser does not support the audio element.


Telesail bat eta lau film proposatu dizkigu aste honetan Idoia Davila Uzkudunek, 'puri-purian' tartean. 

'Sort of' - Movistar+

HBOko telesaila Movistarrera heldu zen aurreko asteazkenean. Telesaila erdi-autobiografikoa da; genero-jariakorreko eta familia pakistandarreko Torontoko millennial bat du protagonista. Bilal Baig da sortzaile eta protagonista, eta Fab Filippo zuzendaria.

Sabi trantsizio egoeran dago bere bizitzako arlo guztietan, leku baten bila munduan; jardunaldi erdiko bi lan ditu, bere mutilagunarekin zuen harremana amaitu da eta Berlinera bizitzera joatekoa da bere lagun onenarekin. Baina zaintzen dituen bi umeen ama koman sartzen denean zalantzen jartzen du erabaki hori. 

'Tres' - Filmin

Juanjo Giménezek azken lana da 'Tres'. Zuzendariak 58 urte ditu eta hau da bere hirugarren opera prima dela esan du. 2016an 'Timecode' film laburra sortu zuen bere ikasleentzako zinema zuzendaritzako adibide bezala, eta Oskar sarietara ere iritsi zen; gainera, Cannesen film laburren Urrezko Palma eskuratu zuen.

Protagonista soinu diseinatzailea da eta ordu asko ematen ditu bakarrik estudioan lanean, bere harremanak ez baitira oso onak; ez bikote ohiarekin, ez amarekin, ezta lankideekin ere. Pixkanaka konturatuko da bere burua desinkronizatzen ari dela, soinua irudiak baino beranduago prozesatzen dituela.

Hainbat generoren elementuak ditu: drama, misteriozko filma, komedia erromantikoa… 

'Verdens Verste Menneske (The Worst Person in the World)' - Aretoak

Joachim Trierrek zuzendutako filmak Cannesen izan zuen estreinaldia; bertan, Renate Reinsve protagonistak aktore onenaren saria eskuratu zuen. Oskar sarietarako bi izendapen ditu: gidoi onena eta atzerriko film onena.

Izugarrizko arrakasta izan du filmak dagoeneko, pertsonaiarekin identifikatuta sentitzea oso erraza baita. Juliek 30 urte bete behar ditu eta galduta dago; ez daki zertan egin nahi duen lan eta zalantzak ditu bere harreman erromantikoen inguruan. Millenial belaunaldiak sentitzen duen antsietatea oso ondo islatzen du, 30 urte betetzerako dena ondo lotuta izateko presioa; betirako lana, betirako bikotea, betirako bizitokia…

Nahi gabe Trierrek Oslo trilogia osatu du; memoriari, autoezagutzari eta identitateari buruzko film sorta malenkoniatsua. Eskil Vogtekin batera idatzi ditu film hauek, eta guztietan du Anders Danielsen Liek rol protagonista. 'Reprise' eta 'Oslo, August 31st' filmek osatzen dute trilogia.

'Cyrano' - Aretoak 

Edmond Rostandek 1897an idatzitako 'Cyrano de Bergerac’'antzezlanaren moldaketa da. Cyrano XVII.  mendean bizi izandako benetako pertsona izan zen, eta haren bizitzako zertzeladak kontatzen ditu antzezlanak.

Azken adaptazio hau Joe Wrighten eskutik datorkigu. Aurretik adaptazio ugari egin ditu; 'Atonement', 'Pride and Prejudice' eta 'Anna Karenina', esaterako. Drama musikal bat osatu du oraingoan, Peter Dinklage protagonista duela. Haley Bennet eta Kelvin Harrison Jr. dira beste bi protagonistak, Roxanne eta Christian.

Musika The National taldeko Dessner anaiek (Aaron eta Bryce) konposatu dute, eta letrak Matt Berninger eta haren emazte Carin Besserrek idatzi dituzte.

'Jane par Charlotte' - Aretoak

Charlotte Gainsbourgek bere ama Jane Birkini buruz osatutako dokumentala. Ez da aktore ingelesari egin dioten lehen erretratua; Agnès Vardak 'Jane B. par Agnès V.’' zuzendu zuen 1987an, aktoreak 40 urte betetzeari beldur ziola onartu ostean.

Orain, bere alabak irudi berriak, argazkiak eta elkarrizketa erabili ditu bera erretratatzeko; datu biografiko gutxi ditu, baina lotura emozional ugari. Birkinen bizitzaren datu soilak nahi dituenak hobe du internetera jotzea. Galderak informalak dira, eta badirudi ikuslea konbertsazio pribatu batean murgiltzen ari dela, elkarrizketa periodistiko batean baino.

Denboraren igarotzeari buruz aritzen da Birkin, bere egoera fisikoaren gainbeheraz, ama-alabak elkarrekin gauzak egiten dituzten bitartean. Amaiera aldera, lo egiteko pilulekiko eta alkoholarekiko izan dituen adikzioei buruz aritzen da.