Ziega itxi bateko ametsen txokoa
Espetxea ez omen da ezertarako leku egokia, baina Ibon Muñoarentzat sormen espazio emankorra izan da. Ziegako atea isten ziotenean nolabaiteko «askatasuna» sentitzen zuela dio, ziega itxiko bakardade horretan bere ametsen txokoa sortzen zelako. Etxerako Kundako aste honetako gonbidatua izan da.
This browser does not support the audio element.
Duela aste batzuk hizpide izan genuen Ekaitz Sirvent preso politiko zarauztarrak euskarara itzulitako liburu bat: Antonio Gramsciren 'Kartzelako gutunak' (Katakrak). Bertan genion idazteko ere ez dela toki ona espetxea. Egia esatera, ezertarako ez da ona espetxea, ez bada pertsona suntsitzeko. Baina idaztea, sortzea bera, helduleku garrantzitsua izan liteke lau paretaren artean gatibu dagoenarentzat. Eta bada, badenez. Ibon Muñoa adibide polita izan liteke. Izan ere, eibartarrak gatibu eman zituen 20 urtetan gogotsu heldu zion sorkuntza lanari: 7 liburu, hamaika ipuin eta ehunka bertso idatzi zituen denbora horretan. Berarekin izango gara Etxerako Kundaren 11. saio honetan.
Elkarrizketa nagusiaz gain, astero bezala kartzeletako gorabeheren berri emango dugu, presoentzako zorion eta agur mezuak entzungo dira eta Oier Goitiak 'Egiaz II (Ihauterietan)' olerkia partekatuko du guztiokin.