IRRATIA

'The Godfather' zinema-aretoetara itzuliko da 50. urtebetetzea ospatzeko

Goya Sariak atzean utzita, telesail eta film berriak aztertu ditugu Idoia Davila Uzkudunekin. Hala ere, aste honetako berrikuntza ez da hain berria; izan ere, 'The Godfather' pelikulak 50 urte bete ditu eta berriro estreinatuko dute zinema-aretoetan. 

'The Godfather' pelikulako fotograma bat. (Bigarren Kafea)

This browser does not support the audio element.


Francis Ford Coppolaren 'The Godfather' historiako pelikularik onena da askorentzat. 1972ko martxoaren 15ean estreinatu zuten, eztabaida handiarekin. Ekoiztetxea haserre zegoen eta aktoreen artean tirabira ederra sortu zen, baina sekulako arrakasta izan zuen. Horregatik, 50 urte betetzen diren honetan, zinema-aretoetan berriro ikusteko aukera izango dugu. 

'The Godfather' - Otsailak 25

American Zoetrope konpainiak trilogia osatzen duten hiru filmen restaurazio zorrotza burutu du azken hiru urtetan. Lehen restaurazioa Robert Harrisek egin zuen 2007an, baina geroztik garatu diren teknika eta teknologiak aplikatu dituzte oraingoan. Gainera, Coppolak gainbegiratu du prozesu guztia; 300 rollo desberdin erabili dira, fotograma bakoitzean ahalik eta erresoluzio onena aurkitzeko eta 4.000 ordutik gora pasa dituzte orbanak eta arrasto guztiak konpontzen eta ezabatzen.

'Marry Me' - Otsailak 18

Kat Coirok zuzendutako komedia erromantikoa ostiralean iritsi zen aretoetara eta arrakasta izan du asteburuan. Jennifer Lopez eta Owen Wilson dira erromantzearen protagonistak, baina Malumak, Sarah Silverman eta John Bradleyk ere protagonismoa hartzen dute.

Kat (Jennifer Lopez) eta Bastian (Maluma) musikariak kontzertu batean ezkondu behar dira, baina Bastianek traizionatu egiten du kontzertua hasi aurretik. Beraz, Katek publikoko gizon batekin ezkontzea erabakitzen du, Charlierekin (Owen Wilson). Ezkontzarekin aurrera jarraitu nahi du Katek eta benetako harremana dutela erakutsi beharko dute, eta pixkanaka maitemindu egingo dira.

'CODA' - Otsailak 18 

Sian Hederrek zuzendutako filmak Oskar sarietarako hiru izendapen ditu: film onena, taldeko gizonezko aktore onena eta gidoi egokitua. 2014an estreinatutako 'La famille Belier' filmarena egokitzapena da. 

Remakea urtarrilean iritsi zen AppleTVra eta ostiraletik aretoetan ere ikusi daiteke. CODAk Children of Deaf Adults esan nahi du (heldu gorren umeak), eta hori da protagonistaren ezaugarri nagusia filma hasten denean; gurasoak eta anaia gorrak dira, eta berak egiten ditu familiaren eta beste guztien arteko interprete lanak. Pixkanaka bere ahotsa aurkituko du, eta familiatik aldentzeko edo desberdintzeko hautua egiten du, bere amets propioak betetzeko.

'Germinal' - Otsailak 22

 David Hourrèguek zuzendu du 1860ko meatzarien greba bati buruzko telesail hau, izen bereko Émile Zolaren eleberrian oinarritzen dena. Zola, era berean, 1880ko hamarkadan Anzinen jazo zen greban inspiratu zen hura idazterakoan.

Etienne Lantier da protagonista, Lille hiritik alde egin behar izan duen 20 urteko gaztea. Iparraldean, Montsoun, babesa topatuko du, eta Maheu izeneko meatzariak lana lortuko dio. Pairatzen dituzten baldintza txarrak eta umiliazioak ikustia, matxinada bat hasiko du. Zolaren eleberriak bost film eta musikal bat inspiratu ditu, baina hau da lehen telesaila. 52 minutu inguruko 6 atal izango ditu. Estreinaldiak 4,4 milioi ikusle izan zituen.

'Horizon Forbidden West' - Otsailak 18

Bideo-joko honek hainbat film eta telesialek baino arrakasta handiagoa izan zu. Horizon Forbidden West Horizon Zero Dawn 2017ko jokoaren bigarren atala da. Lehenengo atalean, XXXI. mendean gaude, eta gizakia tribuen zibilizaziora itzuli da, baina mundua animaliak diruditen makina sentikorrek menperatzen dute. Aurreko zibilizazioaren arrastoak ikusi daitezke mundu irekian. Istorioan aurera egin ahala, XXI. mendeko gizakiei gertatutakoa ikasten eta ulertzen joango da Aloy, jokoko protagonista.

Forbidden West sei hilabete beranduago gertatzen da, eta kutsatzen duen oro hiltzen duen izurrite baten sorburua bilatzen ari da protagonista. Esploratzeko aukera ematen zuen lehen jokoak, baina alderdi hori hobetu egin dute Forbidden Westen, eta munduari bertikaltasuna gehitu diote. Ur-azpia ere esploratu daiteke orain.

Istorio printzipala jokatzeko 30-40 ordu inguru behar dira, baina asko dagoeneko hirugarren jokoaren zain daude.