Lander Garro: ‘Minarekiko eta beldurrarekiko dialektika etengabean egon naiz’
‘Tipularen sehaska kanta’, espetxean gaitz fisiko eta mentalekin bizitzearen inguruko dokumentala estreinatuko du ostegun honetan Lander Garrok. Gaurkoan, NAIZ Irratian izan da, proeiktuaren xehetasunak emateko.
This browser does not support the audio element.
Miguel Hernandez poetaren ‘Nanas de cebolla’ poeman du abiapuntua Lander Garrok zuzendu duen eta ostegun honetan 19.00etan Donostiako Antzoki Zaharrean estreinatuko den ‘Tipularen sehaska kanta’ dokumentalak. Kartzelan gaixotasunen bat pairatu dutenen ingurukoen testigantzak bildu ditu Garrok Sareren enkarguz egindako pelikulan.
Heriotzarekiko eta sufrimenduarekiko dugun beldurra kontatzen du dokumentalak. Bizitza eta heriotza naturaren bidez irudikatu ditu Garrok. «Nahiko istorio unibertsala», bere hitzetan. Erortzen den zuhaitz bat lehenagotik eroria dagoen baten gainera erortzean bizirik jarraitzen du eta naturaren metafora hori erabili nahi izan du espetxe barruko zaintzaren sinbolo modura. «Oso metafora ederra. Nola zu erortzen zaren baina ia kasualitatez norbaitek harrapatzen zaituen. Eta horrek ahalbidetzen du zuk bizitzen jarraitzea. Modu baldarrean, nahi baduzu, menpeko, baina bizirik». Eta natura bilakatu du kartzela barruko zaintzaren sinbolo.
Testigantzak eman dituzten pertsonak aurkitzea ez dela erraza izan aitortu du Garrok NAIZ Irratian, «jendeari gai horretaz hitz egitea kosta egiten zaiolako eta gauza mingarriak direlako». Baina azken emaitzarekin gustura geratu dira bai testigantzak eman dituztenak eta baita egilea bera ere.
«Minarekiko dialektika etengabean egon naiz eta horrek erabat ihartu nau. Utzi nau soka batetik 100 metroko horma igo banu bezala», adierazi du. Horrela eman ditu bi urte. Ahalmen terapeutiko bat ere izan du prozesuak eta «pixka bat sendatuta» ere ikusten du bere burua.
«Kartzelak lau ertz»
Mikel Ibarguren poetaren hitzak bere egin ditu Garrok «kartzelak lau ertz» dituela aipatzeko. «Gero kartzelak apaindu egiten dituzte eta saskibaloi kantxa dago eta dena delakoa. Baina kartzela, azken finean, lau horma eta ate bat dira. Ez du ematen enfoke asko egon daitezkeenik, baina badaude».
Hasieran bere burua ere «kontakizunean txertaturik» ikusten zuela adierazi du zuzendariak, baino gaian arakatu ahala besteen istorioak gehiago interesatzen zitzaizkiola ohartu zen. «Gutxinaka aldenduz joan nintzen eta beste pertsonaia batzuk izan dira protagonista».
Onartu du «pena» apur bat sortzen diola horrek, gustuko baititu lehen pertsonan kontatutako istorioak. Baina agertzen diren pertsonaia guztiekiko estimu «berezia» duela gehitu du eta bere ordez sartutakoa hor dagoela ikusita ere «pozik» agertu da.