«Kontzertuetara joateko nagia dutenengana guk eramaten dugu musika»
2018an Ordiziako Oiangu parkean egin zen ‘After Sun’ jaialdiaren ondotik hasi ziren Urko Ruiz de Apodaka eta Ion Zabala Ekirock proiektuari forma ematen. Eguzki energia plaka bidez jaso eta musika ekipo bat duen bizikleta elektriko batekin dabiltza harrezkero batean eta bestean ekitaldiak egiten.
This browser does not support the audio element.
Kultur ekitaldien eragileak eta energia berriztagarrietan adituak elkartu dira egitasmo honetan. Ordiziarrock Ekintzak taldeko kide da Ruiz de Apodaka eta proiektua halabeharrez sortu zela dio, «KREA energia berriztagarrien alorreko Ion Zabala bizilaguna delako». Kontzertuetan energia kontsumoaren neurketa ugari egin zituzten eta berehala zehaztu zuten bizikleta izango zela komunikazio gune mugikor horrek izango zuen ibilgailua.
Hurrengo lana, bizikletari helburu zuten egitekoa gauzatu ahal izateko beharrezkoa zen azpiegitura jartzea izan zen. Eguzki plakak, bateriak, entxufeak eta soinu ekipo bat. Ordutik hona, kontzertuak, jaialdiak, bertso saioak eta hainbat ekitaldi girotu dituzte. «Festa dagoen lekura joaten ibili beharrik ez du jendeak; gu joaten gara jendea dagoen lekura» dio Ruiz de Apodakak. Ikastetxeetan ere egin izan dituzten ikasleekin energia berriztagarrien inguruko tailerrak.
Une bakoitzean kontsumitzen ari diren energiaren jarraipena egin daiteke beraien webgunearen bidez eta baita Basabe garagardo etxeak ekoitzitako Ekirock garagardoa erosi ere. Lehenari itxura emanda, bigarrenaren ideia dute buruan. Litiozko bateriak izango ditu eta arintasuna irabaziko dute.
Urko Ruiz de Apodakak hori eta askoz gehiago kontatu digu Bigarren Kafean.