IRRATIA

Gitarraren hizkuntzatik sortutako abestiak Izkander Fernandezen eskutik

MusikHaria saioko kolaboratzaileak beti aitortzen du oso gitarra zalea dela eta hortik abiatuta osatu du aste honetako tartea.

Viva Belgrado taldeak single berriak aurkeztu ditu azken hilabeteetan. (Ruben MONTESINOS)

This browser does not support the audio element.


Berriz ere bueltan den honetan, Izkander Fernandezek ez du abagunea pasatzen utzi eta bere hizkuntzara eraman gaitu aste honetako tartean, gitarren hizkuntzara. Izan ere hautatu dituen taldeetan haiek dira protagonista. Eten edota bukaera eman dion proiektu bat, lan berria kaleratu duten bi eta abesti berriarekin datorren laugarren bat sartu ditu aste honetako aukeraketan.

Every Time I Die proiektua da etena egin duena bere ibilbidean. «Buffalokoak, New Yorkekoak dira, toki hotz eta zatarra. Keith eta Jordan Buckleyren taldea zen hasieran, 1998an, eta iaz ‘Radical’ izeneko disko puska atera ostean, Keithek taldean parentesi bat egiteko beharra ikusi zuen bere osasun mentala zaintzeko. Hortik hilabete gutxira taldeak erabaki du bere abeslari gabe ezin dutela jarraitu eta hor bukatzen dela istorioa. Bidean 8 disko utzi ditu Every Time I Die taldeak», kontatu digu Fernandezek.

Lan berriarekin agertu dira Toundra taldekoak. Ibilbide pixka bat egin dute, 2007tik 6 disko kaleratu dituztelako: «Aurreko ostiralean atera zuten disko berria eta esan dezakegu ez dutela ezer berririk egiten, Explosions in the Sky edota Mogway bezalako taldeen eraginak nabarmenak direlako. Baina beren mundu eta atmosferak sortzeko kapazak izan dira eta Resurrection Festen kartel-buru izatera iritsi dira post-rock instrumentala egiten».

Chastity taldea ere ekarri digu Lemoako musika adituak: «Brandon Williamsek sortutako taldea da, Ontariokoa, Kanadakoa eta 2018an kaleratu zuten lehen diskoa ‘Dead last’. Indie-pop, shoegaze edota post-hardcorea nahastu ditu dotore, nahiz eta gerora rock alternatiboa ere batu den bere musikara. ‘Suffer summer’ diskoa kaleratu berritan da eta kuriosoa da nola gaur egun pop, punk eta emoa egiten bukatu duen, kanta errazak, melodia politak eta lelo errazak dituena».

Bere talde fetitxe izendatu du kasik Izkander Fernandezek Viva Belgrado: «Ez da lehenengo aldia talde hau entzuten duguna, baina aste honetan kantu berria atera dute. Akaso baten batek biraoka hartuko nau hainbeste ekartzearren, baina zirikatzea ere gogoko dut. Sei sarrera galdu ditut talde hau ikusteko, baina ea ekainean datozenean ikusten ditudan. Kantu berri honek badu bukaerako Berri Txarraken soinuaren kutsua, ea entzuleek zer dioten».

Horratx aste honetarako osatu dugun zerrenda:

– Everytime I die - Map Change

– Toundra - La larga marcha

– Chastity - Real World

– Viva Belgrado - Pena sobre pena