IRRATIA
Interview
PAUL BILBAO
Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusia

«Uste dut hezkuntzan benetako jauzia egiteko orubea prestatu dugula»

EAEko hezkuntzan murgiltze eredua orokortu dadin akordio historikoa erdietsi dute hezkuntza eragileek, sindikatuek eta euskalgintzak 'Euskaraz hezi, berdintasunean hazi' adierazpenarekin. Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak, «ezin gal daitekeen aukera» batez hitz egin du Naiz Irratian.

Hezkuntzako eragile nagusiek Gasteizko Europa jauegia aurkeztu zuten mugarri izan nahi duen adierazpena. (Raul BOGAJO/FOKU)

This browser does not support the audio element.


Hezkuntza zein euskalgintza arloko eragile nagusiek zein euskal gehiengo sindikalak urrats erabakigarria eman dute euskara hezkuntzaren ardatz izan dadin datozen hamarkadetan. 'Euskaraz hezi, berdintasunean hazi' izenburua du eragileok adostutako adierazpenak, hizkuntza gutxitu bat berreskuratzeko prozesuan, hizkuntza bera gakoa izan behar duela ziurtatuz.

Paul Bilbao Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak izan zuen adierazpen prentsaurrekoan irakurtzeko ardura, eta horren biharamunean Naiz Irratiko mikrofonotik pasa da. Urrats historikotzat jo du, aldaketa kualitatibo bat eragin dezakeen horietako bat. «Uste dut hezkuntzan benetako jauzia egiteko orubea prestatu dugula» adierazi du Bilbaok, gaineratuz «halako adostasunik» ez zela lortu aurretik.

EAEko Euskal Eskola Publikoaren legea aldatzeko eztabaidak, «ezin gal daitekeen» aukera baten aurrean jartzen du hezkuntza komunitatea Bilbaoren arabera, «lege honek hurrengo hamarkadetako hezkuntza arautuko du. Hurrengo hamarkadetako hezkuntza ardaztuko du. Hurrengo belaunaldiak ardaztuko ditu».

Eliseoaren azken erabakia

EAEn aipatu adierazpena aurkezten zen egun berdinean (abenduak 16), erabaki garrantzitsu baten berri eman zuen Frantziar Gobernuak, Ipar Euskal Herriko euskaldunei zuzenean eragingo diena. Konstituzioaren aurkakoa dela ebatzi zen arren, hezkuntza ministerioak dio orain, zilegi dela hezkuntza elebiduna eskaintzea legearen barruan.

«Balorazio positiboa» egin du Bilbaok, euskal komunitateari arnasa ematen diolako. Dena den, tentuz hartu du albistea. 2022an «hauteskundeak badatozela» gogorarazi du Kontseiluko idazkari nagusiak, eta Eliseoak dioena gora-behera, «Konstituzionalaren ezpata hor jarraitzen duela».