IRRATIA

«Dantzaren aldarria badago Euskal Herrian eta gu ere horren parte sentitzen gara»

Lehendabiziko lan luzea kaleratu du Bulego talde azkoitiarrak 2020an bi EP argitaratu ostean. ‘Erdian oraina’ deituriko diskoarekin izan dira Durangoko Azokan, hasi bezperan kaleratu zutena, eta sekulako harrera izan zutela kontatu digute, besteak beste, MusikHaria saioan.

Ahotsenean egin zuten ‘Erdian oraina’ diskoaren aurkezpena Bulego taldekoek. (Marisol RAMIREZ|FOKU)

This browser does not support the audio element.


Gurean dena ez omen da aske eta berak aske izateko jaio direla esaten dute Bulego taldekoek ‘Entera daitezela’ abestian. Eta Tomas Lizarazu taldeko abeslariarekin izan dugun elkarrizketatik ondorio hori ere atera dugu, aske sentitzen dira benetan. Landu duten musika estiloa ikusita, baietz esan dezakegu.

Apurtzen etorri zineten eta are apurtzaileago bihurtzen ari zarete egiten duzuen musikarekin.
Orain arte gure bidea topatzen joan gara, gure estiloa definitzen, eta disko honetan beste pauso bat eman dugu estilo hori finkatzeko eta nolabait ere pixka bat serioago hartzeko.

Moldeak apurtu eta barrura begira jartzeko deia egin duzue.
Kantuan eta diskoan badago dei bat barrura begira jartzeko eta gelditzeko eskatuz. Diskoaren izenburuak esaten duen bezala, ‘Erdian oraina’, momentua bizi, momentua erdian jarri eta pausa bat hartu. Disko honekin jendeak tartea hartu eta letretan dauden hausnarketekin bat eginez denbora hartzea zen gure nahia, diskoa lasai aditzeko.

Disko kontzeptuala dela esan daiteke.
Disko kontzeptuala da. Dudak zian genituen egiterakoan, gaur egun singleak, eta iraupen laburrekoa diskoak dira gehienak. Guk disko osoa egin nahi genuen, musikariak eta musikazaleak garelako. Gai baten bueltan egin dugu guztia, baina 3 bloketan daude banatua: iragana, oraina eta etorkizuna. Dena dago aipatutako kontzeptu horren inguruan, momentuaz disfrutatu eta hemen egotearen bueltan.

‘Pizten ari da’ singleak, erreferentzia garbia den edo ez ez dakit, baina, zuzenean The Weeknd artistarengana eraman nau. Zuzenean haren ‘Blinding lights’ jotzen zenuten eta badu haren kutsua.
Musika asko kontsumitzen dugu eta saiatzen gara gaur egun pasatzen ari diren gauza denekin eguneratuta egoten. The Weeknd edo Dua Lipa bezalako artistak gustuko ditugu, 80-90. hamarkadako sintetizadore eta base elektroniko horiekin jolasten dabil, eta esan genion gure buruari ea zergatik ez euskaraz horrelako estilo batean ez genuen sortuko abesti bat.

80. hamarkadako eragin hori badago, A-Ha edota The Communards bezalako taldeak etortzen dira gogora, zuek kontsumitu dituzue horiek?
Talde horiek denak entzun ditugu, zortea dugu edade tarte zabala dugula taldean eta gure artean musika asko konpartitzen dugula. Rubenek bide asko erakusten dizkigu, garai hartako musikatik ere bai, baina maiz harritzen gaitu gaur egun zer ari den pasatzen ere berak erakusten digulako. Gainerakoan, denetarik aditzen dugu, musikazale amorratuak gara eta musika diferentea entzuten asko disfrutatzen dugu.

Lehendabizikotakoak izan zineten pandemian kontzertu bat ematen aire librean, baita zutik eta maskararik gabe ematen ere, Arbonan izan zen hura. Gauaren beharra han benetan nabarituko zenuten.
Gure bidea hein batean berezia izan da, gure lehen kontzertua jendea zutik zegoela eman genuen eta astebetera pandemia etorri zen eta jendea maskararekin eta eserita eduki genuen denbora luzez. Arbonakoa izan zen oasi txiki bat, jendea maskararik gabe eta zutik, gure buruari galdetzen, genion «Zer gaude, etorkizunean edo iraganean?». Asko disfrutatu genuen eta bizi osorako oroitzapena izango da.

Letren ardura zuk duzu normalean. Lotura dute kantuek beren artean ezta?
Bai, bai, disko kontzeptual bat da, iraganetik etorkizunera joaten den bidaia txiki bat planteatzea zen nire nahia, koherentziaz eta hasieratik bukaerara lotura bat lortu nahi izan da.

Sopela, Gatibu, 2019a... ‘Pizten ari da’ kantuan momentu konkretu batez ari zara?
Bai, esperientzia bat bizi izan genuen bideoklip bat grabatzen Sopelan, bozgorailu batzuk topera jarrita genituen pandemia garaian eta sekulako abentura izan zen, munizipalekin eta izan genituen gorabeherak. Baina lortu genuen bideoklip bat sortzea eta hor geratu zen islatuta bizipen hura, gero ‘Bueltan da’ abestia izango zenaren bideoklipean.

Euskaldunek dantzan mugitzen badakigula esaten duzu.
Euskaldunok mugitzen badakigu, denok dakigulako mugitzen. Behar ditugu pare bat tragotxo hartu, goizeko hiruak arte geldirik egon eta gero mugitzen hasi, ados. Baina joera bat badago beste askatasun bat hartzeko, disfrutatzeko, eta ikusten ari da dantzaren aldarria badagoela Euskal Herrian, eta gu ere horren parte sentitzen gara nahiz eta niri pertsonalki lotsa asko ematen didan. Baina musika eta dantza badira disfrutatzeko gauzak eta guk hori aldarrikatuko dugu.

Enbor sentsazioa sentitzen duzu akaso? Baina flowa baduzu.
Eszenatoki batera igo eta nahiko lasai egiten dut dantzan. Baina taberna batean ‘perreatzen’… Lotsatu egiten naiz.

Azkoitian ‘perreatzen’ da?
Bai bai nik uste dut baietz, Ruben da tabernaria eta berari galdetu beharko hala ere… kar-kar.

Loiola aipatzen duzue zuen kantu batean. Azkoitiarrak izanda akaso xextra sortuko da.
Barruko umeari buruz ari gara, hari tokia emateaz, eta bai azpeitiarrak eta bai azkoitiarrak Loiolan elkartzen ginen. Gu, nahiz eta Azkoitikoak izan, ez dugu inolako aldarte txarrik azpeitiarrekin.

Estilo aldaketa bat egon da zuen musikan. Ez dakit hori izan den entzun duzuenagatik edota Oso Polita zigiluak pixka bat hara bideratu zaituztetelako.
Ez, zentzu horretan askatasun osoa izan dugu. Bidelagun izan dut Eñaut Gaztañaga eta dena berarekin egin dugu eta asko lagundu gaitu ekoizpenean. Gure erara egin dugu diskoa eta eduki genuen eztabaida disko kontzeptualaren kontuarekin. Oso Polita ere bidelagun interesgarria da, baina askatasun osoz egin dugu nahi duguna eta hauxe da emaitza.

‘Gertu gaudenean’ kantua oso desberdina da, trapa eta guzti duela esan daiteke.
Bai bai, trapa, musika urbanoa, reggaetoia, etiketa multzo handi bat dago. Esperimentatu nahi izan genuen, duda asko sortu zizkigun lehen bozetoak planteatzerakoan, ez baigenuen garbi zer egin, eta aurrera egitea erabaki genuen. Eñauten laguntzaz, bada oso pozik geratu gara eta altxor txiki bat da nire ustez disko honetan. Eta bai, entzuten duenak sorpresa bat hartuko du Bulegorekin

«Laino batean nabil 24/7», sentsazio hori izango duzu akaso Bulegon zaudenetik.
Bai, sentsazio hori badut, aurretik proiektu askotan egon gara eta beti egin dugu lan asko, eta orain ere ari gara lan asko egiten baina jende askorengana iristen ere bai. Durangon gonbidapen denak agortu ziren edo mundu guztia kantuak kantatzen entzuten genuen, sekulakoa da eta laino konstante baten moduko batean gaude. Gauzak ongi ateratzen ari dira eta disfrutatzen ari gara.

Kantuak abesten esan duzu eta hori kontzertua eman zenutenean diskoak egun bakarra zeramala kalean.
Jo genituen kantu berriak eta baita falta ezin direnak ere, eta harrituta geratu ginen. Diskoa atera berritan izanda jendeak nolatan zekizkien kantuak… oso polita izan zen. Egia da kantuen leloak nahikoa errepikakorrak-eta direla, baina harrituta geratu ginen.

Durangon kantu bat zuzenean eskaini zenuen Marenekin.
Oso polita izan zen, egon ginen elkarrekin Eñauten estudioan diskorako grabatzen, oso pozik ginen egin genuen kantuarekin. Hala, pentsatu genuen Ahotsenean kantatzeko perfektua zela abestia eta Maren animatu eta oso polita geratu zen.

Erreferentzia tenporalak eta espazialak ere badaude diskoan, asko, tartean Durango ere aipatzen duzue esan berri dugun kantuan.
Badirudi apropos egin genuela baina natural irten da, eta nik uste dut jendeak eskertu zuela Maren etortzea. Egun batzuk lehenago kaleratu genuen bideoklipa eta publikoak eskertu zuen elkarrekin oholtzan egotea.

Estetika berezia landu duzue eta bideoklip hauetan ikusi da. Pentsatzen dut Iratxe Reparaz dagoela horren atzean.
Hor talde-lan handia dago, Iratxe, Joseba Razkin, Eneko Aranbarri estilista, Gorka Larkan diseinu grafikoan… Guk onartu dugu musika egiten dugula eta horrekin disfrutatzen dugula, baina baita jendea behar dugula inguruan, beran disfrutatzen duena! Kantuez aparte gauza asko daude musikaren bueltan egun eta oso duin egin dugula uste dut dena. Gustatzen zaigu profesionalekin elkartu eta elkarlanak egitea eta oso eskertuak gaude aurretik aipatutako guztiekin.

Joseba Razkin aipatu duzu, kontzertu mutuaren ideia, kartelena, sofa bat jarri duzue Durangon… Zenbat ideia berri dituzuen eta dituen.
Nik uste dut urte berezia izan dela, konfinamendua, musukoa, kontzertuak eserita eta hasieratik hartu dugu filosofia bat gauza desberdinen ekarpena egiteko. Burua apurtzen dugu publikoari beste zerbait berezia eskaintzeko. Ekintza ezberdinak egin ditugu, kartelak, nagusien egoitza batean egon ginen, Durangon standean sofa bat jarri dugu, Bilboko Gran Viako erakusleiho batean kontzertu bat eman…

Zer moduzkoa izan zen erakusleihoko esperientzia?
Gran Via erdian zaude, jendez beteta dagoen kale batean, eta gu jotzen ari ginen baina entzuten zuenak QR kodearen bidez soilik egin zezakeen, bere kaskoetatik entzuteko. Duda genuen hori nola irtengo zen, baina jendeak ulertu du eta pozik geratu gara.

Berriz ere pixka bat atzera eginda, aipatu dugun kantuan, Marenekin egindako ‘Ezer ez da berdina’ abestian, gustatu zait mezua. Ez dizut idatzi nahi bezain beste baina faltan botatzen zaitut. Berehalakotasunaren garaian zeinen garrantzitsua den hau.
Garai azkar batean bizi gara, mezuak azkar erantzun behar dira, pilatu egiten diren mezuak Whatsappen, Instagramen dena erakutsi behar eta denbora guztian, abiadura handian… Disko osoan erakutsi dugu gure mezua; egon hemen lasai, egon zauden momentuan, izan tristuran edo aldarrian.. Denerako dago tokia, baina mezua hori da, goazen frenoa botatzera eta goazen ikustera zer pasatzen den gure inguruan, askotan galdu egiten dugulako zer gertatzen den.

Lehenengo Durangoko Azoka izan da hau zuentzat.
Denetarik entzun dugu urteak daramatzatenen artean, baina hasiberriaren ilusioarekin sartu gara eta jendearekin patxadaz egoteko aukera izan dugu. Guretzat dena da berria izan da, Durangoko Azokan lehenengo aldia da, stand propioa eduki dugu eta oso ondo pasa. Kontzertuetan-eta izan dugu publikoarekin harremana, Baina Durangon sakonagoa izan da eta gozatu dugu.

Bai, ze kontzertu ostean bazarete jendearengana gerturatzekoak.
Kontzertuetan polita da hurbiltzea. Aukera edukitzea jendea bertatik bertara entzuteko eta haien anekdotak entzun eta gureak kontatzeko. Hartu eman hori asko apreziatzen dugu.

Ahotsenean hasi zarete disko berria aurkezten, orain bira indartsu baten atarian zaudete. Lehen geldialdia abenduaren 26an Donostiako Tabakaleran.
Ez gaude kexatzeko, garai arraro hauetan kontzertuak ematen egon gara denbora guztian, ez gara geratu, eta esperientzia hartzeko balio izan digu Bulego bezala. Orain ordua da hainbeste lan eman digun diskoa zuzenekoetan gozatzeko.

Abenduaren 26an esperientzia berri bat biziko duzue. Zuek erdian eta jendea inguruan duzuela izango da emanaldia, probarik egin duzue?
Bai ari gara entseatzen, izan ere oso diferentea da aurrez aurre egon edo inguru osoan publikoa edukitzea. Lehen esperientziak izaten ari gara, nahiz eta simulazioa izan, eta egia esan oso gogotsu gaude ikusteko nola joaten den egunean bertan, ikusteko nola hartze duen jendeak horrelako formatu bat, ez delako ohikoa.

Atzetik Gasteizko Jimmy Jazz, Biarritzeko Atabal, Bilboko Kafe Antzokia eta Iruñeko Zentral. Horietan, gainera, beste artista berri bat ere izango duzue aldamenean, Bengo.
Asko gustatzen zaigu Bengo egiten ari den lana. Berarekin hitz egin genuen eta animatu zen kontzertu berezi hauetara etortzen eta nik uste gozatu egingo dugula.

‘Bidean bertan’ kantua bukaerarako utzi dut. «Zoriontasun zurekin amestu dut» diozu bertan. Zuk oraintxe akaso amestu ez duzu egingo zoriontasunarekin, zoriontsu ikusten zaitugulako. Nahiz eta denetarik dagoen disko baten prozesuan.
Esker ona dugu denentzat, eta autobiografikoa da kantu hau eta publikatzea nahi nuen. Bizia den hori esperimentatzen izan nintzen, erabakiak hartzen, eta horretan dudak ere izan nituen. Esaldi batek laburtzen du dena: Ez dakit zer den nahi dudana, eta nitaz espero dutena. Borroka hori izan nuen eta erreflexu on bat da eta jende askok momentu antzekotan aditzeko kantua izan daitekeelako.

Letraz gainera musikari garrantzia emanaz, ez dakit Technoa edo EDMa zer den. Gauaren erdian harrapatzen bagaitu, kosta ere egin daiteke Bulego dela jakitea.
Askatasun osoz aritu gara eta mugarik ez diogu jarri gure buruari. Bulegoren diskoari koherentzia ematen saiatu gara baina esperimentatu egin dugu eta zuzenekoetan abesti hau ‘tralla-metralla’ izango da.

Festibal elektronikoetara eramango gaitu, kontsumitzen duzue musika mota hau ere?
Bai bai, denetik esaten dudanean denetik da. Aurreiritziak kendu nituen nik ere, gauza asko galtzen dituzulako bestela bidetik, eta musikarekin sorpresak hartzen dira eta gutxien espero duzun tokian kantu eder batekin egiten duzu topo.

Bidean gehiagotan topa gaitezela, Tomas.
Ea horrela den!