Auzolana uholdeen ondorioei aurre egiteko
Euskal Herriaren luze zabalean auzolanaren bidez ari dira herritarrak uholdeek utzitako kalteei erantzuna ematen. Gares da horietako bat, herritarren erantzuna «brutala» izan da Oihan Mendo alkatearen esanetan, baina lan asko dago oraindik aurretik, «jende batek dena galdu du».
This browser does not support the audio element.
Goizean goizetik 100 bat lagun aritu dira Garesen lehen auzolan deialdiari erantzunez uholdeek utzitako ondorioak arindu nahiean. Ezin izan dute, ordea, nahi adina aurreratu, «momentuz itxaron egin beharko dugu, Arga oraindik indarrez ari da eta jaisten», Oihan Mendo alkateak NAIZ Irratian adierazi duenez.
Inguruko herrien babesa izan du Garesek auzolanean, jendeaz gain tresneria ere utzi baitiete uholdeari aurre egiteko, «zoritxar honi aupergirik onena atera nahiean» ari direla nabarmendu du Mendok. Herritarren erantzuna «burtala» izan dela dio, «oso oso ona».
Izan ere, egoera oso larriak sortu dira herrian, «dramatikoak» alkatearen esanetan, «badago jendea bere etxea urez gainezka zuena eta dena galdu duena, oso urduri daude eta jakin nahi dute nola kudeatu behar duten egoera seguruekin, adibidez. Baina, oraindik goiz da». Auzolanaren bidez ezinbesteko lehen lanak aurreratzen hasi dira Garesen, «etxea garbitu, ahal dena berreskuratu... sotoak urez gainezka daude oraindik eta ur guztia garbitu arte zaila izango da».
Argaren maila metro inguru jaitsi dela adierazi du Mendok baina esperotakoa baino mantsoago ari dela ura bere lekura itzultzen.
Auzolana Iruñerrian
Garesen bezala Iruñerrian ere hainbat auzolan ekimen deitu dituzte asteburu honetarako. Atarrabian, Errotxapean eta Burlatan, besteak beste.