IRRATIA

[19] Inurri proiektuak minbizia sufritzen duten pertsonei alaitasuna eman nahi die

Zapi koloretsuak ekimena sortu dute Izan Inurri elkartean. (Izan Inurri)

This browser does not support the audio element.


Transkripzioa:

Ioar:
Ander, gaur ez dut ondo lo egin.

Ander:
Kaixo, Ioar. Guk albiste on bat izan dugu familian.

Ioar:
Zer gertatu da?

Ander:
Kimioa hartzea bukatu du gure izebak.

Ioar:
Bikain! Eta orain zer?

Ander:
Ez dakit. Bart arratsean jakin nuen.

Ioar:
Kimioterapian bazebilen, zuen izebak Inurri elkartea ezagutuko du agian.

Ander:
Zertaz arduratzen da Inurri elkartea?

Ioar:
Modu zuzenean edo zeharka minbizia izan duten pertsonei bizipoza emateko asmoa dute. Julene Ilarramendik sortu zuen Lasarte-Orian.

Ander:
Nik ez dut horren berri inoiz izan.

Ioar:
Elkarte berri samarra da. Uste dut 2019an eratu zela.

Ander:
Minbiziren bat pasatu zuen neska horrek?

Ioar:
Julene Illarramendi berak ez, bere amak baizik. Julenek une haiek eta bizitako esperientziak kontatzeko premia zeukalako abiatu zuen Inurri.

Ander:
Eta pixkanaka jende askorengana zabalduko zen proiektua, ezta?

Ioar:
Sare bat sortu dute, bai.

AUDIOA-1 | JULENE ILLARRAMENDI

Ander:
Gure izebari esango diot ea Inurri elkartea ezagutzen duen.

Ioar:
Zerbait baldin badaki, galdetu egiozu, laguntza emozionalaz gainera, eskaintzen ote duten babes ekonomikoa.

Ander:
Ziur aski, babes ekonomikoa emateko ahalmenik ez dute izango. Baina sare bat osatu badute, jende askoren artean informazio ugari edukiko dute, elkarrekin partekatzeko.

Ioar:
Gure aitonari entzun izan diot, garai batean kalean jende asko ikusten zela hanka motza, maingua, begibakarra... Gaur egun arraroa egiten da pertsona bat gorputz atal baten faltan ikustea.

Ander:
Gorputz asimetrikoa esaten zaio horri.

Ioar:
Oreka simetriarekin erlazionatzen dugu ia beti. Asimetrikoa den gorputzak ikaratu egiten gaitu batzuetan.

Ander:
Simetrikotasunari esker mugitzen gara arinago eta hobeto. Animalia guztiak dira simetrikoak. Ez al zara ohartu?

Ioar:
Bai, bai; arbolak, landareak, loreak, fruituak eta haziak ere simetrikoak dira gutxi gorabehera. Baina..., emakume baten kasuan, bular bat izan edo bi bular izan, mugikortasunean ez dago batere alderik!

Ander:
Arrazoi duzu: bularreko minbizia izan duten emakume asko dago titi bakarrarekin.

Ioar:
Bi bularrak kenduta ere bai.

AUDIOA-2 | JULENE ILLARRAMENDI

Ioar:
Ez dut ulertzen, estetika kontuei zergatik ematen diegun halako garrantzia.

Ander:
Aizu, badago mastektomiaren orbaina ikusi ezin duen jendea, bere gorputz zaurituari begiratu ezin diona.

Ioar:
Norberak erabaki behar du nola eraman prozesua. Ez zait gaizki iruditzen, kendutako titiaren ordez, beste titi bat ipintzea.

Ander:
Bularreko minbizia izan duten eta mastektomia egin dieten emakume gehienek ez dute bularra berregiteko ebakuntzarik egiten.

Ioar:
“Gehienek” esan duzunez, gustura jakingo nuke zein den proportzioa.

Ander:
%85 inguru. Hori ulertu nion gure izebari.

Ioar:
Ba, hortaz, gehien-gehienak.

Ander:
Bularra kentzeko prozesuaren ondoren, gogorregia izango da berriz ere operazio batean sartzea, protesia jartzeko.

Ioar:
Neska gaztea izanez gero, beharbada errazagoa, ezta?

Ander:
Gure izebak kontatzen zigun, kimioa hartzera joandakoan, gazteak ikusten zituela ileordearekin, orraztuta, makillatuta.

Ioar:
Gaixo itxura disimulatzen?

Ander:
Pertsona osasuntsuaren mozorroa jantzita bezala. Batzuentzat obligazio sozial bat da itxura ona edukitzea.

Ioar:
Eta zuri auto istripu batean aurpegia desitxuratuko balitzaizu, egingo zenuke kirurgia estetikoa?

Ander:
Kaltea nolakoa izan den ikusi behar.

Ioar:
Baietz esaten ari zara, beraz.

Ander:
Auto istripuaren ondorioz, adibidez, hiru operazio jasan baldin baditut, operazioez guztiz nazkatuta egongo naiz.

Ioar:
Denon zirkunstantziak ez dira berdinak, ez.

Ander:
Bizikletaren gurpila konpontzera noa, Ioar.

Ioar:
Gero arte, Ander.

Epilogoa - Beti Ikasten

Ander:
Zer ikasi dugu gaur?
Zehar galderak egiten.
Ioar:

«Ezagutzen al du Inurri elkartea?». Galdera hori zeharka honela egin dugu:

—«Esango diot ea Inurri elkartea ezagutzen duen».

Ander:
«Eskaintzen al dute babes ekonomikoa?».
Zeharka honela esan dugu:

—«Galdetu egiozu eskaintzen ote duten babes ekonomikoa».

Ioar:
Solasaldian atera dira zeharkako galderen forma gehiago:

—«Ez dut ulertzen, estetika kontuei zergatik ematen diegun halako garrantzia».
Edo:

—«Gustura jakingo nuke zein den proportzioa».

Hemen entzun dezakezu Julene Illarramendiri egindako elkarrizketa osoa.