IRRATIA

«Apustu etxeek jendearen desesperazioarekin jolasten dute»

Haritik Hirira elkarteak Donostia eta Gasteizen dauden apustu etxeak eta makinak kartografiatu ditu eta ondorioa argia da: hiriguneetan apustuak egiteko makina gehien errenta baxuko eremuetan eta kirol guneetatik gertu daude. Jon Maciasek eta Josu Del Campok kartografiaren irakurketa egin dute.

Julen Del Campo eta Jon Macias, Haritik Hirira

This browser does not support the audio element.


Haritik hirira elkarteak egindako azterketaren ondorioetako bat hiriguneetan apustuak egiteko makina gehienak errenta baxuko eremuetan daudela izan da. Donostia eta Gasteiz landu dituzte, baina gainontzeko euskal hiriburuetako apustuaren kartografia egingo dute laster.

Batik bat gizonezko gazteen artean apustuak egiteko eman den gorakadak bultzatuta hasi ziren ikerlana egiten. Ohartu ziren kirol azpiegitura handiko guneetan eta errenta baxuko auzoetan makina eta lokal gehiago zeudela.

«Apustu etxeek jende asko behar dute», dio Josu Del Campok, «eta ondorioz makina hauek dentsitate handiko zonaldeetan daude». Donostiako kasuan ohartu dira Anoeta inguruan eta kirol azpiegitura handien bueltan apustu makinak eta etxeak areagotzen direla. Gasteizen kasuan, kirol gune gehienak kanpoan daude, baina zenbat eta erdigunetik gertuago egon, orduan eta gehiago dira makinak. 

Jon Maciasen aburuz, Gasteizko egoera «deigarria» da. Izan ere, 222 lokal eta makina zenbatu dituzte, Donostiaren bikoitza. Gasteizen Donostian baino errenta baxuagoa eta langabezia altuagoa izateak eragina duela uste dute. Nolabait, «horrekin jolasten dutela» apustu etxeek. «Normalean hasieran dirua irabaztea izaten da jokoan hasten denaren helburua eta errenta baxuko auzoetan deseperazioak edo egoera ekonomiko txarraren joera hilabetea aurrera ateratzeko apustuetan sinestea da».

Madrilen esaterako Carabanchel eta Vallecasen gauza bera pasatzen da. Hango kasu eta ezaugarriak hona ekarri eta ohartu dira mendebaldean orohar patroi berak mantentzen direla uste dute. 

Lakuak iragarri dituen neurrien artean, apustu etxeen arteko gutxieneko distantzia ezarri eta ikastetxeetatik urruntzea da. Azken honi jarraiki, Donostian ikertu dituzten 101 lokaletatik 45 ikastetxetik 100 metro baino gutxiagora daudela argitu digute.