IRRATIA

David Pla: «Osloko esperientzia eta gero uste baino zailagoa izango zela ikusi genuen»

Asteazken gauean eskainiko du NAIZek (22.00) David Plarekin Oslora egin duen itzulera bidaiaren dokumentala. Aieteko konferentzia garaian ETAk emandako urratsak gogoratzeko bide emango du ikusentzunezkoak. NAIZ Irratian izan da orduko ETAren ordezkaritza osatu zuen Pla. 

David Pla, NAIZ gunean, gaur goizean.

This browser does not support the audio element.


«Berezia izan da Oslora itzulera» David Plarentzat, NAIZek asteazken honetan (22.00) eskainiko duen ikusentzunezkoa grabatzen izan da berriki, Iñaki Soto GARAko zuzendariarekin.

NAIZ Irratian izan da goizean Pla, orduko negoziaketak eta Aieteko adierazpenaren osteko pausoak gogoratzen. «Tentsio egunak» izan ziren 2011ko urriaren 17tik 20ra bitartekoak, bere esanetan, «momentu historiko bat bizitzen ari ginelako».

ETAk orduan hartu zituen erabakiak gogoratu ditu, bitartekariek espainiarren itxikeriarekiko azaldu zuten harridura eta egoera berezi hark eragin zituen aldaketak, «Osloko esperientzia ikusita prozesua uste baino zailagoa izango zela ikusi genuen».

Espainiar Gobernuaren jarrera

Izan ere, berak aitortu duenez, oztopoz beteriko prozesua bizi izan zuten. Espainiar Gobernuaren jarrera «erabat erasokorra» zen eta «beste alderdi batzuk ere ez zuten gehiegi lagundu».

Horrek bitartekarien harridura sortu zuen. «Denok partekatzen genuen unearen garrantzia, bazegoelako gatazka historiko bati konponbidea emateko aukera, eta ez zen oso ulergarria Gobernuaren jarrera», esan du.

«Alde batetik ETAk bere iniziatibaz erraztu zion bidea borroka armatuaren behin betiko amaiera aurretik iragarri zuenean, eta bazegoen nazioarteko babesa. Zegoen bide orri bat, Aieteko Adierazpenean jasotzen zena, eta testu inguru horretan aukera horri uko egitea ez zen batere ulergarria», gaineratu du.

Gogoratu duenez, zeharkako harremana zuen ETAk espainiar Gobernuko ordezkariekin Estatuko eskuinaren presioa saihesteko. «Eta konpromisoak aurrez aurre edo zuzenean hartu beharrean, bitartekariekin hartzen ziren».

Aieteko adierazpena

Bitartekari horiek beste konpromiso batzuk hartu zituzten eta ezinbestekoak izan ziren Aieteko Konferentzia aurrera eramateko. Plaren esanetan, bertan hitzartutako adierazpena «oso garrantzitsua da» irudikatzeko gatazka «zertan dan eta nola bideratu behar den».

Nazioarteko eta euskal jendartearen babes zabala jaso zuen adierazpen horrek, eta hori inportantea da, «guztiori, eragile politiko eta sozialei, herritarrei, dagokigulako jarraipena ematea eta egiazko bake eta elkar bizitza agertoki bat eraikitzea Euskal Herrian».

«Denboraren perspestibarekin uste dut hasieratik prozesu honen ezaugarriengatik, euskal jendartearen eskutik lehenago joan behar ginela», azpimarratu du.