IRRATIA

Lluis Companysi «aitortza eta erreparazioa» Irunen

81 urte bete dira Lluis Companys Gestapoko kideek frankistei Irunen entregatu zietenetik. Kataluniako presidente fusilatuari aitortza eta erreparazioa emateko etorbideko baranda zatia jarri dute Companys gunean Generalitateko ordezkaritza han zela. Kepa Ordoki taldeko Karlos Santiago.

Erakundeetako ordezkariak izan dira gaurko ekitaldian

This browser does not support the audio element.


Karlos Santiago Kepa Ordoki Memoria Historikoko kideak ekitaldia «oso ongi» joan dela esan digu. Barandaren zatia non zegoen ikusi eta Companys gunea ezagutu dute, erakusketaren lekua. Ekitaldi instituzionala izan da ondoren, Generalitateko ordezkaritza tartean zela. Museo gisako espazioa zabaldu dute, bere bizitzari buruzko argazki eta dokumentuak edonoren eskuragarri jarriaz.

Kepa Ordoki Memoria Historikoa Bidasoan Elkarteak proposatu eta bultzatutako ekimena izan da eta Karlos Santiagoren esanetan, ekitaldiarekin kataluniako herriarekiko «erreparazioa» lortu nahi izan dute, jakinik Generalitatea herriaren ordezkaria dela, eurei eman diete baranda zatia eta egin diete gonbidapena. Bigarren helburua «Katalunia eta Euskal Herriaren artean harremanak estutzea». Lluis Companysen entregaz gain, Irungo zubi horretatik milaka lagunek egin zuten errepresio frankistatik ihesi eta ondoren Katalunian jaso zuten babesa askok.

1940ko abuztuaren 13an atxilotu zuten Lluis Companys. Ar Baol-en (Frantziar estatuan), Gestapoko sei agentek eta Pedro Urraca agente frankistak atxilotu zuten. Abuztuaren 21ean egin zioten lehen galdeketa, Pariseko La Sante kartzelan. Handik lau egunera Urracak Francoren atzerri aferetako ministroa zen Ramón Serrano Suñerren idatzi bat jaso zuen. Bertan, Companys presidentea Madrilera deportatzeko agindua eman zion Urracari.

1940ko abuztuaren 29an, Lluis Companys i Jover president katalana bando frankistari entregatu zioten Irungo Etorbidearen Zubian. Entregaren ondorengo egunak, abuztuaren 29 eta urriaren 3ra bitartekoak, deskribatu ditu Kepa Ordoki Memoria Historikoa Bidasoan elkarteak: «Madrilgo Segurtasunaren Zuzendaritza Orokorraren kalabozoetan egon zen Lluis Companys. Eraikin azpiko banakako zelda batean egon zen. Eguzki argirik gabeko gelan, gogorki torturatu zuten eta agintari frankistei feriako animali bat bezala erakusten zieten. Kakahueteak, txanponak eta ogi zati lehorrak botatzen zizkioten».

Preso egon ostean, urriaren 3an, Montjuic-era lekualdatu zuten eta Gerra Kontseiluan heriotza zigorra ezarri zioten. Azkenean, urriaren 15eko goizaldean fusilatu zuten. Companys da Europan demokratikoki aukeratua izan ostean fusilatuta hil den agintari bakarra.

Kepa Ordoki Memoria Historikoko taldeak lanean jarraituko du eta aurki, datorren igandean ekitaldi berezia antolatu dute. Izan ere, 85 urte beteko dira Irun faxisten eskutan erori zela. Karlos Santiagoren esanetan, «jendeak eta herriak jakin dezan zer gertatu zen urte haietan berriz ez gertatzeko. Memoriaren etsai handiena oroitzea da, eta ez badugu oroitzen berriz gertatzeko arriskua dago».