IRRATIA

2022 amaierarako Usansolo herri bat izan daitekeela uste du Usansolo Herria plataformak

Joan den ostiralean Bizakiko Foru Aldundiarekin izandako bileratik baikor irten dira Usansolo Herria plataformako kideak. Batzarkideek esan diete usansolotarrek desanexioa nahi badute, beraien nahia errespetatuko dutela.

Usansolo Herria plataformako kideek Usansoloren desanexio prozesua aurkeztu diete foru diputatuei. (Monika DEL VALLE/FOKU)

This browser does not support the audio element.


33 urte daramatzate usansolotarrek Galdakotik desanexioa lortu nahian. Urte luzez erakundeetatik oztopoak jasotzen ibili ostean, legegintzaldi honetan «borondate politikoa» dagoela uste du Monica Mena Usansolo Herria plataformako kideak. Plataforma pasa den ostiralean batu zen Bizkaiko Foru Aldundiarekin eta bertatik baikor eta itxaropentsu irten dira.

Hala ere, desanexio prozesua lortzeko burokrazia korapilatsua eta luzea da. Usansolo Herria plataformak memoria bat bidali dio Bizkaiko Foru aldundiari. Orain, Aldundiak hiru hilabeteko epea du memoria horren berrikusketa egiteko eta, behar izan ezkero, zuzenketak iradokitzeko.

Bitartean, Galdakoko Udalak informazio publikoa zabaldu behar du emendakinak jasotzeko gerora, emendakin horiek gehituz, memoria definitibo bat osatu dezaten. Horren ostean, Galdakaoko Udalak gehiengo absolutuarekin onartu beharko luke proposamena gero Usansoloko herritarren artean desanexioaren inguruko galdeketa bat egin dezaten. Azkenik, erreferendum horretan Usansoloko herritarrek herri bat izan nahi dutela erabakitzen badute, Aldundiak izango du azken hitza.

Monica Mena baikor dago prozesuak emango duen emaitzarekin. Izan ere, Aldundiko batzarkideek esan diete haiek ez dutela trabarik jarriko usansolotarren erabakitzeko eskubidean eta herritarrek erabakitakoa errespetatuko dutela. Bestalde, Galdakaoko Udalean inoiz egon ez den prestutasuna ikusi dute prozesua onartzeko. Hori horrela, guztia espero duten martxan joan ezkero «datorren urte amaierarako» Usansolo herri bat izan daitekeela uste du Menak.

Usansolo herri bat izateko arrazoiak

Usansolo herri bat izateko aldarriaren oinarrian zerbitzuak hobetzeko itxaropenean dago. Izan ere, auzo trataera edukita, zerbitzu asko eskasak direla uste du Menak. Tartean, pediatria zerbitzua: «Osakidetzatik daukagun pediatria zerbitzua ez da egunerokoa. Egun batzuetan ordu betez baino ez dugu eta Aperribairaino [Usansolotik ia 8 km-ra dagoen beste auzo bat]joan behar dugu».

Hortaz gain, Menak azaldu du herri bat izan ezkero, kudeaketa eta zerbitzuak hurbilago izango lituzketela eta beraiek badakitenez «beharrizanak zeintzuk diren» hobekuntza egongo litzatekeela.