IRRATIA

Kantagintza tradizionala, itsasoa eta countrya uztartu ditu Iratzek estreinako diskoan

Iratz Urkizu Gastañazpi (Orio, 1996), musikarako pasio belaunaldiz belaunaldi transmititu den familia bateko kide da. Hartara, ez da harritzekoa giro horretan sortu izana bere lehendabiziko diskoa. MusikHaria saioan aurkeztu digu Mutrikuko AME estudioan grabatutako lana.

Zarauzko kostaldean atera du diskoaren azaleko argazkia Iratz Urkizuk. (Jone ZABALA)

This browser does not support the audio element.


Kanaberak hartzeko garaia da kostaldeko herrietan askorentzat eta kanaberei egiten die erreferentzia diskoa irekitzen duen ‘Notak paper solte batean’ kantuan Iratz Urkizuk. «Erriotik gertu bizi naiz eta askotan ikusi izan ditut itsasontziak badoazela, baina arrantzalerik ez dut gertu». Kirmen Uriberen hitzak dira eta itxialdian irakurri zituen Iratzek: «Kasualitatez hartu nuen esku artean liburua eta kasualitatez letra berarekin abestia egina du Mikel Urdangarinek lehenago. Ez nekienez ezer, eta, Kirmenen baimena banuenez, aurrera. Aurretik sortuta neukan doinu batentzat gustatu zitzaidan eta diskoan dago emaitza».

«Deabruaren eskaintza onartzea» aipatzen du abesti horretan eta ea nor den deabrua galdetu diogu: «Esan dezakegu aita dela deabrua kasu honetan. Erromeria taldean abestera ohituta nago eta oholtzak ez nau izutzen, baina bakarka beste zerbait da. Aitak animatzen ninduen, esaterako, coverrak igotzera, eta hor, ni bakarrik ikusita, lotsa ematen zidan. Lehen kontzertuan ere antzeko sentsazioa izan dut. Erromerian jendea dantzatzera eta ondo pasatzera doalako, baina kasu honetan zu ikustera dator jendea eta errespetua ematen du».

Lehen pausoak ere aitaren eskutik eman zituen, Orioko festetarako sortu zuten abestiari ahotsa jarri baitzion duela 8-9 urte: «Adin talde desberdinetako jendea batu zuen aitak kanturako. Aitonak, esaterako, otxotearekin hartu zuen parte. Gure adin tartean, Olatz Lizaso eta biori eskaini zigun, eta, hasieran zalantzati ibili banintzen ere, sekulako esperientzia izan zen. Gero kalean entzutean lotsa handia sentitzen nuen, hori bai». Handik jendaurrean abesteko aukera berria sortu zitzaion eta publiko aurrean Bizkaiko Txakolinaren ekitaldi batean kantatu zuen lehendabizikoz, Intza Unanuek gonbidatuta. Beranduago erromeria talde batean hasi zen, Bide Batez taldean, eta han garatu du bere abeslari ibilbidea.

Familia kantuzalea
Benito Lertxundiren ahaidea da Iratz Urkizu, aitaren osaba baita abeslari oriotarra eta haren kutsua ere badu bere estiloan Iratzek. «Hasiera batean, kantuak egin nituenean, zalantzak edo banituen. Egun musika lasaiagoa edota bohemioagoa egiten dute kantautore gehienek, baina nik beste estilo bat neukan eta ez nekien jendeak nola hartuko zuen, batez ere horregatik, egun ez delako hainbeste entzuten egiten dudana. Horrez gainera, emakume askorik ez dago estilo honetan abesten. Dena dela, alde horretatik ere aberatsa sentitzen naiz, garai bateko eragin horiek ditudalako».

Familia giroan sortutako taldea da, bateria-jotzaile Etxahun Urkizu dabil Iratzekin eta haren arrebak, Itzeak, letra batzuk egin dizkio. Baina badira gehiago ere, aitaren partetik Urtzi Garmendia bidaide izan dute bideokliparen grabaketan eta amaren familiatik dator Ainhoa Urteaga, teklatuak jo eta koroak egiten dituena. Hortaz, bi aldeak elkartu ditu Iratzek bere proiektu pertsonalerako: «Aitaren partetik denok daukagu musikarako grina hori eta nik uste dut odolean ekartzen den zerbait dela, inork sekula ez gaitu-eta behartu musikarako bidea hartzera».

Kanten sorkuntza modu berezian egin du Iratzek: «Aurreko urteko itxialdia baliatu nuen gitarra jo eta abestu aldi berean egiten ikasteko. Lehendabizi gitarra jotzen ikasi nuen, sareko tutorialak eta abar begiratuz eta gero hasi nintzen bi gauzak batera egiten. Euskal kanten liburuxkek asko lagundu zidaten ikasterako garaian. Hala, sortzen zitzaizkidan melodia eta ideiak grabatu egiten nituen. Akaso liburuxka horiek eraginik izan dute akordeen progresioak egiterako garaian».

Etxe-giroan sortutako diskoa
Singleak, ‘Sentipenak giltzapean’ kantuak, aipatu duen kantagintza mota horretara eraman gaitu zuzen-zuzenean. «Saioa Murua lagun minaren hitzak dira eta honek bai benetan gordetzen dituela idatzitakoak giltzapean. Unibertsitate garaian jendaurrera abestera ateratzen nintzen bakoitzean, hor egoten zen lehen lerroan niri babesa emanaz. Hortaz, ilusio berezia egingo zidala eta ea letraren bat idatziko zidan galdetu nion eta hau idatzi zidan. Kontrako bidera sortutako abesti bakarra da, hau da, letra izan zen abiapuntu eta gero etorri ziren doinuak, besteetan doinuei hitzak jarri nizkien bitartean», kontatu digu Iratzek.

Berak konposatu ditu abestiak eta etxean egin dituzte moldaketak aitak, Imanolek, eta biek: «Musikariak zeintzuk izango ziren aukeratu aurretik etxean maketatxo bat grabatu genuen. Nik gitarrarekin sortutakoa eta ahotsa grabatu nuen eta gero atzetik aitak baxua, bigarren gitarra bat eta bateria gehitzen zituen, ideia orokorra egiteko. Garbi neukan diskoko musikariek gero zuzenean jotzea nahi nuela, bakoitzak diskoan bere ukitua ematen diolako eta hori zelako zuzenera eraman nahi nuena. Hortaz, lehendabiziko hiruak garbi nuen Etxahun, Ainhoa eta Aitor Amilibia gitarra-jotzailea izango zirela, Aitorrekin Bide Batez taldean ere aritzen naizelako. Baxua jotzeko Joanes Ederrari esan nion, Bide Batezen elkarrekin izan garelako, baina zuzenekoetarako ezin izango du gurekin egon eta Mattin Ostolaza arituko da. Arantzazu Mujika biolina jotzera etorri izana aitaren kontua da, aurretik ezagutzen zirelako, eta Iker Laurobaren parte hartzea Axular Arizmendiren eskutik etorri da».

‘Zu erortzen bazara’ abestia ahizpatasunetik idatzi du Itzea Urkizuk, diskoko kanturik rockeroena dena: «Kasualitatea da berak ez duela ahizparik eta nik ere ez dudala, baina Itzeak gai honen inguruan gogoeta asko egin du eta horren gainean idazteko esan nion. Emakumearen ikuspegia beharrezkoa iruditzen zitzaidan. Hasiera batean bolero bat zen sortu nuen abestia, gero estudioan guztiz aldatuko zena. Estudioa sekulako laborategia izan da eta asko aldatu dira kantuak prestatu genuen maketatik azken emaitzara, onerako noski. Kantu hau gainera kontzertu bukaerarako uzten dugu, mugituena delako, eta ‘punch’ dezente ematen dio bai kontzertuari eta baita diskoari ere».

Aiton-amonei eskainitako abestia ere jaso du diskoan Iratzek, Xabier Sukiari horretarako propio eskatutako letra batekin: «Aitaren aldeko aiton-amonak ia-ia bizilagun izan ditu Xabierrek, baina Goiko Kalekoei ez, Beheko Kalekoei idatzita dago abestia. Aldamenean bizi gara, berek hezi naute, gurasoak falta izan direnean beti hor egon direlako, baina nire kasuan bezala, beste askorentzat ere ziur horrela izan dela. Hortaz eman didaten guztia eskertzeko modua izan da».

Traineru berean arraunean
Aiton-amonei egindakoaz gainera, osabari ere eskaini dio kantu bat Iratz Urkizuk. «Familia guztiek badute ezizen bat Orion eta nire amaren aldetik ‘Kanpanariotarrak’ gara, hartara, osabari ‘Kanpa’ deitzen diote. Ni jaio baino urtebete lehenago hil zen auto-istripuz eta, arraunlaria zenez, hurrengo traineruari, kolore berde berezia duen horri, ‘Kanpa’ jarri zioten izena. Guretzako oso berezia da, keinu oso polita izan zelako Orio Arraunketa Elkartearen aldetik eta gainera traineru irabazlea izan delako. Kantua, 1996an, ni jaio nintzen urtean, ‘Bakarrik nindoala’ izeneko maketan kaleratu zuen aitak. Familian osatutako lana izanda, osaba ez nuen proiektutik kanpora utzi nahi, nahiz eta ez ezagutu beti egon delako presente niretzat. Ez zen erreza izan zuzenean aurkeztu genuenean hunkitu gabe eustea, familia guztia bertan zelako eta Arraunetxen izan zelako kontzertua, baina lortu genuen», gogoratu du Urkizuk.

Jaioterriaren nortasuna erakutsi nahi izan du ‘Horia’ abestiarekin. Arraunari keinu bat egitea baino, herrian koloreak duen eraginaz hitz egin du abestian: «Herrian, umetan, kolore horiari ‘Aupa Orio’ deitzen zaio. Kolore horia beti egon da presente eta beti lotu dugu herriarekin eta ezin bestean arraunarekin. Esaterako, arropa denda batean sartu eta kamiseta hori bat ikustean segituan pentsatzen dugu askok, «hau Kontxako estropadetarako». Hortaz, Xabier Sukiarekin hitz egin nuen, ideia bota nion eta letrari pare bat buelta eman ostean, kantua sortu zen».

Country estetika
Argazkietan Bonnie Tyler edota Dolly Parton bezalako artisten gisara jantzita ikusi dugu Iratz. «Eskerrak eman behar dizkiot Jone Zabalari, lasartearra bera. Batxilergo artistikoa egiten ezagutu genuen elkar eta bera kontu hauetan espezializatu da, diskoen azalen inguruko master bat egin zuelako. Lagunak ginenez, deitu eta esan nion nahiko nukeela berak egitea. Hortaz lanean jarri zen eta zerbait desberdina egin nahi izan zuen. Estetika guztia berak landu zuen eta Zarauzko Mollarrira joan ginen argazkiak egitera. Buruan zuen country estilo hori lortu du eta letra motarekin-eta asmatu du», kontatu digu Urkizuk.

Estilo horretan bertan, ‘Garelako gara’ abestia sortu du Iratzek, Aner Peritzen letra duena. «Gogotsu agertu zen letra bat egiteko, amaren ikaslea izan zelako. Artista bat da bera eta letra bidali zidanean, bertigo pixka bat eman zidan. Hainbeste izen eta erreferentzia ikusita, ez nekien funtzionatuko ote zuen. Baina behin eta berriz irakurri ostean, bere esanahia duela ikusi nuen. Garai bateko pertsonaia garrantzitsuek gaur egungo bizimoldea nola ikusiko luketen kontatzen digu, ikuspegi kritiko batetik, eta oso ederra da ariketa hori», esan digu Iratzek.

Kontzertuak lotzeko bidean dabil musikari oriotarra, eta batetik eta bestetik bere egoerari buruz galdezka deitu diote. Orain guztia landu eta gauzak txukun dituenean iragarriko ditu datozen datak. Bitartean, etxean patxadaz entzuteko diskoa luzatu digu artista oriotarrak.