Josu Etxaburu: «Erabakitze eskubidea baino gutxiago ez dugu onartuko»
'Hamaika Gara' kalera atera zen Bilbon asteburuan. Egoera berezia da, Josu Etxabururen esanetan: «olatu demokratiko berria dator eta gurean horri ez heltzea akats historikoa litzateke». Hala, Gasteizko Autogobernu ponentzian erabakitze eskubidea «marra gorria» izatea nahi du ekimenak.
This browser does not support the audio element.
Larunbatean Bilboko Areatzan osasun neurriak beteta milaka lagun elkartu ziren 'Hamaikak Gara' ekimenaren deiari erantzunez. Gure Eskuko Josu Etxaburu «pozik eta indarberrituta» mintzatu zaigu ekimenarekin.
Aldarri argiak plazaratu zituzten. Erabakitze eskubidea nahi dute, erreferendum bidez erabakitzea. Bestalde, udazkenean Gasteizko parlamentuan berrartuko den estatus politikoaren eztabaidari ekin behar zaiola uste du Etxaburuk: «pandemiak azaleratu du ditugun tresnak ez direla nahikoak eta burujabetza osoa behar dugula. Erabakitzearen olatuari muzin egitea akats historikoa litzateke. Hamarretik zazpi erabakitzeko eskubidearen alde dago, hori baino adostasun zabalagorik ez dago Gasteizko parlamentuan. Horregatik estatus ponentzian ardatza izan behar du. Herritarrrak hauspotzen izango gara, eta baita marra gorria jartzen. Hori baino gutxiago ez dugu onartuko».
Euskal Herriko eragile ezberdinak bultzatzen ari diren erreferendumaren aldeko sinadura bilketa masiboak aurrera jarraitzen duela gogoratu du. Azken txanpan sartuko da laster, urte bukaeran Iruñeko eta Gasteizko legebiltzarretara heltzeko bidea osatzeko. Asmoa da, nabarmendu duenez, euskal erakundeei interpelatzea, erabakitzeko eskubidea arautu dezaten.