Komertzioei eta musika komertzialari buruz aritu gara ikasturteko azken ‘Zarata‘ tartean
Iker Bárbarak astero bezala fin-fin ekarri dizkigu Euskal Herrian kaleratu diren abestien zerrendatik hainbat kantu. Oraingoan ‘bonus track’ eta guzti etorri da bilbotarra eta ezohiko doinuak ekarri dizkigu azken kolaborazioan.
This browser does not support the audio element.
MusikHaria saioan, ikasturteko azken kolaborazioa egin du astelehen honetan Iker Bárbarak. Hartara, bukatzeko, estreinaldi batekin hasi du bilbotarrak bere tartea, James Room artistaren eta ‘Before this’ kantua aurkeztu digu. Uztailaren 9an aterako du diskoa James Roomek eta formatu murriztuan grabatu duela kontatu digu Bárbarak: «Interesgarria da oso garai hauetara nola egokitu den artista bere musika guztiz biluziz».
Melenas taldeak ere kantu berria kaleratu du eta, ohikoa denez, Iruñeko taldeak agertzen den bakoitzean bezala halako lurrikara txiki bat sortu du. «Luxenburgo eta Parisen izango dira datorren asteetan eta Grauzone talde suitzarraren ‘Eisbär’ kantuaren bertsio bat luzatu die bere zaleei. Zerbait poperoagoa espero zitekeen, baina 90. hamarkadako ukitu nabarmena dute. Gainera, hitz-joko batean euskara ere sartu dute Melenasekoek», kontatu digu Zarata Mondosonoroko arduradunak
Ginger talde zarauztarra aurkeztu digu segidan Bárbarak, Mor-more, Pottors ta Klito edota M.K.T. bezalako taldeetatik datozen musikariekin osatutako taldea da. Haien lehendabiziko abestia, ‘Ixo’ deitzen dena, sartu du aste honetako zerrendan.
Komertzio ereduaren inguruan ere aritu gara azken ‘Zarata’ tartean Tenpera taldearen ‘The decline of the shopping mall’ kantuaren aitzakian. Azalera handiko guneak vs komertzio txikia. Bakoitzak bere gogoeta egin dezala, guk gurea egin dugun moduan.
Eta komertziotik komertzialera egin dugu salto. «Outsider moduan jarriko naiz, baina tartean behin interesgarria iruditzen zait erakustea halako kantuek zer nolako hedapena duten. Hortaz, Bilboko neska gazte batek, bertan inork gutxik ezagututa, hainbeste erreprodukzio dituela ikusteak, arreta bereganatzen du», aipatu du Iker Bárbarak Nawi artistaren ‘La nueva’ kantua aurkezteko.
Hauxe da beraz ikasturteko azken zerrenda:
– James Room - Before this
– Melenas - Eisbär
– Ginger - Ixo
– Tenpera - The decline of the sopping mall
– Nawi - La nueva