IRRATIA

20 urte bete ditu Arrosa Irrati Sareak

Euskal Herriko euskarazko irratien Arrosa Sareak 20 urte bete zituen pasa den ekainean eta ospakizun urtea dute aurtengoa. Dokumental bat ekoizten ari dira, eta datozen udazkenean egingo diren topaketak antolatzen hasiak dira.

Arrosa Sarea- ko lehendabiziko bilera

This browser does not support the audio element.


Herria Mugi! ekimenak, Joxemi Zumalabe Fundazioaren laguntzarekin, 2001eko udaberrian Euskal Herriko Herri Mugimenduen III. Topaketak antolatu zituen Barrian (Araba). Ekimen horretako Komunikazio lantaldeak proposatuta, Euskal Herriko irrati mordoxka bat deitu ziren planteamendu garbi batekin: irration arteko elkarlana areagotu, eta gure baliabideei probetxu hobea ateratzeko ezer egin ote zitekeen hausnartzea. Euskal Herria Zuzenean festibalean egin zen sortze bilera, Arrosa herrian, eta bertatik datorkio izena sareari. Ordutik 20 urte pasa dira jada.

Arrosa Sarea-ko ordezkari Iraitz Gesalaga izan da Bigarren Kafea saioan 20.urteurrenaren karietara. «Gaur egun 25 irrati gaude sarean eta askotarikoak gara. Bagaude irrati libreak, udal irratiak, herrialdeko irratiak, eskualdekoak eta nazionalak. Guztiok barnebiltzen gaituena euskara da» azaldu du Gesalagak. Irrati horien artean dago NAIZ Irratia.

Nahiz eta irrati libreen ‘boom≈-a 80. hamarkadan izan zen, egun sortzen dira irratiak eta Arrosa Sareak laguntza eta babesa ematen die irrati horiei eta baita aspaldi sortu ziren haiei ere, noski. «Izugarria da irratigintzan dagoen ekoizpena. Astero 60 irratsaio igotzen ditugu www.arrosasarea.eus webgunera» dio Gesalagak. Saio horiek guztiak elkartrukatu egiten dira irratien artean, alegia, sareko edozein irratik emititu dezake beste irrati batek egindako saioa. Irratien arteko elkarlanaren adibide ere bada arratsaldeetako ‘Zebrabidea’ magazina, irrati denen artean ekoizten da 2 orduko eguneroko saioa. Horretaz gain, debaldeko app bat diseinatu zuten mugikorrentzako non modu erraz batean sareko irrati denak entzun daitezkeen: «Irrati denak daude eskura, hala ere aplikazioaren berrikuntzat bat ari gara diseinatzen».

Gesalagaren aburuz, elkarlana da Arrosa Sarearen ardatzetako bat eta hori irratsaioen elkartrukean gauzatzen da batez ere. Baina, ez da hori sarearen funtzio bakarra, «irrati bakoitzaren jakinduria konpartitu egiten dugu eta elkarri laguntzen diogu, teknikoki eta baita, adibidez, litzentzien eskaerekin ere». Hori bai, «gure balorerik handiena da irrati bakoitzaren izaera errespetatu egiten dela» dio Gesalagak. Hori eguneroko erronka bat dela dio: «Erritmo ezberdinak ditugu, errealitate ezberdinak eta batzuetan kosta egiten da denak batera arraun egitea», baina lortu dute, eta horregatik bete ditu sareak 20 urte, eta horregatik ere gehitzen dira urtero irrati berriak sarera.

20 urte laburbilduko dituen dokumentala

20. urteurrena ospatzeak berebiziko garrantzia badu Arrosa Sareko kideentzat. Dokumental bat egiten hasiak dira jada, bertan atzera begira jarriko dira sarearen sorrera gogoratzeko «hasiera batean bideo motz batzuk egiteko helburua genuen, baina uste dut dokumental baterako materiala badugula, irratian ibiltzen garenak asko hitz egiten dugu!» dio barrez. Beraz, ikus-entzunezkoaren zati bat historikoa izango da eta sorreran aritu ziren pertsona horiekin jarri dira harremanetan. «Atea jo diegunean denek eskertu digute, eta beraien artean elkartzea oso polita izan da».

Dokumentalaz gain, irratien arteko topaketak egingo dira udazkenean. Martxoan ziren egitekoak baina pandemiaren ondorioz horiek atzeratzea erabaki zen. Irratien topaketa hauetan eztabaida-mahaiak egongo dira, «pil-pilean dago irratigintza». Horretaz gain hizkuntza sexista aztertzeko tailer bat egingo dela aurreratu du Gesalagak: «Antxeta irratiak dokumental bat egin du honen inguruan eta horren aitzakian landuko dugu gaia». Bestelako tailer praktikoak egingo dira, alor teknikoa lantzeko batez ere. Noski, festarako aukera ere egongo da udazkeneko topaketetan. «Irratioi asko gustatzen zaigu elkar zirikatzea, pike sanoa daukagu», esan du Iraitz Gesalagak.