IRRATIA

Nola ari dira prestatzen haurdunaldia eta erditzea emakumeak pandemia garaiotan?

Pandemiak egunerokoa zeharo baldintzatu digu, tartean haurdunaldia eta erditze momentua. Solasaldia egin dugu horri buruz erditu berria den Itziar Rodriguez eta erditzear den Iduzki Soubeletekin. Gure lurraldea ipar eta hego banatzen dituen administrazio ezberdinen protokolak ere alderatu ditugu.  

This browser does not support the audio element.


Bigarren erditzea izan du berriki Itziar Rodriguezek. Aurrenekoarekin alderatuta, bistan da, ezberditasun agerikoak izan ditu, bigarren hau pandemia baten erdian egin behar izan duelako. Aukera ezberdinak aztertu ostean, Mendaroko ospitalean erditu zuen, eta oso pozik dago erabakiarekin: «Protokolo ezberdinak dituzte martxan ospitaleetan, nahiz eta Osakidetzako sare berdinekoak izan. Nire kasuan, erizain eta emaginak behar bezala babestuta eta txertatuta zeudenez, maskararik gabe erditu ahal izan nuen. Oso garrantzitsua zen hori niretzat, erditze momentua gure bizitzako maratoia da».

Hori ez da horrela, ordea, ospitale guztietan; Oihana Illarramendi emaginak esan digunez, protokoloak dio haurdunak maskaraz lagunduta egin behar dutela; ez da bakarrik eurak babesten direla, emaginak erditze-gela batetik bestera doazelako eta emakumea ere babesten dutelako horrela.

Aldiz, Rodriguezek ez du ulertzen nola erditzeak exijitzen duen esfortzua aintzat hartuz, ez den kirolean bezala maskararik gabe egiteko aukerarik ematen. 

Maskara ez eramatearen aukera hori ezinbesteko baldintza izan da Iduzki Soubeletentzat non erdituko duen erabakitzeko. Baionako ospitalean egingo du, han ez baita eraman beharrik: «Pandemiaren lehen hilabeteetan bazen derrigorra, baina emakumeek planto egin zuten eta gaur egun ez da eraman beharrik».

Egun Donostian bizi da, baina haurdunaldiaren jarraipena Donibane-Lohitzunen egin du. Erditzea prestatzeko klaseak kenduta, gainerako hitzorduak aparteko gora-beherarik gabe izan ditu; bikotea izan du alboan emaginari edo ginekologoari egin dizkion bisita guztietan.

Aldiz, Rodriguezen kasuan ez da horrela izan. Ekografiaren momentura ere bakarrik joan behar izan du: «Horrelako momentuetan ez duzu bakarrik haurra ikusten, informazio asko partekatzen da eta garrantzitsua da bikotea edo babes bat ondoan izatea». 

Edoskitze garaia

Soubelet zain dago ia bere haurtxoa noiz jaioko. Egun gutxiren buruan egingo du, eta orain, erditzeko momentuan baino, ondorengoaren inguruan ditu zalantza gehiago. Edoskitze taldeak, esaterako, bertan behera daude azken urte honetan, eta hori gabezia handia da Rodriguezentzat, «bertan beste ama batzuekin egoteko aukera duzulako eta zalantza asko konpartitzeko aukera duzulako».