IRRATIA
Interview
Mirene Moreno
Bera Bera taldeko jokalaria

«Talde moduan oso ondo ulertu gara eta igartzen da; irabazi badugu zerbaitengatik izango da»

Bera Berak bere zazpigarren liga irabazi du asteburu honetan. Elx talde 30-20 garaitu zuen Gascan eta bi jardunaldiren faltan altxatu dute garaikurra donostiarrek. Mirene Morenok (1998, Ermua) bere poztasuna azaleratu du NAIZ Irratian bere bigarren liga irabazi eta biharamunean. 

Mirene Moreno garaipena ospatzen, Cesareo eta Maitane Etxeberriarekin batera. (Jon URBE / FOKU)

This browser does not support the audio element.


Jose Antonio Gasca pabiloiko harmailak hutsik zeudela ospatu zuen Bera Berak bere zazpigarren liga garaikurra, bigarrena jarraian. Azken bederatzi urtetan irabazten duen zazpigarren liga izan da honakoa eta 15 urtean altxatu duen hogeigarren garaikurra izan da. Mirene Moreno ermuarra duela bi denboraldi iritsi zen Donostiako taldera eta bere bigarren liga poltsikoratu du. Pozik agertu da, «barneratzen» eta bihartik aurrera, lanean jarraitzeko gogotsu, liga porrotik gabe bukatzeko eta Kopan beste balentria bat lortzeko helburu sendoarekin. 

Sekulako poza, ezta?

Bai, pozik nago eta taldea ere bai. Oraindik asimilatzen gaude zer pasatu den. Gaur [astelehena], adibidez, jai daukagu barneratzeko apur bat zer pasatu den eta bihar jada martxan hasiko gara berriro. 

Izan duzue ospatzeko aukerarik oraingo honetan?

Zapatuan pistan apur bat ospatu genuen, egia da ez zegoela jenderik harmailetan eta pena bat izan zen. Gure artean zerbait egin genuen, bozgorailuekin ere egon ginen kiroldegi sarreran. Atzo [igandea] aukera eduki genuen bazkari bat egiteko taldekideekin. Pasa den urteko ospakizuna izan zen apur bat arraroa, bideodei bitartez, bakoitza bere etxean sartuta, garagardo batekin eta listo… Aurtengoa desberdina izan da baita ere, baina oso pozgarria izan da. 

Taldearen zazpigarren liga titulua da bederatzi urtean, izugarria talde hau lortzen ari dena. 

Bai, izugarria da. Nik ez nekien azken hamarkada honetan zer lortu duen eta pasada bat da. Lan asko egiten da eta ez da erraza. Soilik egon naiz azkenengo bi denboralditan baina ikusi dut ez dela erraza, lana dago horren atzean bai taldekideen artean eta baita beste hainbat pertsonen aldetik ere. 

Hamarkada batean ia erabateko nagusitasunaz hitz egiten ari gara. Atletico Guardesek 2017an eta Rocasak 2019an besterik ezin izan dute eragotzi. Behar bezain balore ematen zaiola uste duzu edo urte batzuetara gehiago baloratuko da?

Nik espero dut beste hamarkada batez gutxienez hor goian egotea. Nik uste dut egunero baloratzen dela. Ez dakit hurrengo hamar urtetan zer pasako den eta zer egingo dugun. 

Txapelketa bikaina egiten ari zarete, porrotik gabe ligan, soilik bi berdinketa. Helburua txapelketa porrotik gabe burutzea izango da?

Hori da. Helburua zen liga irabaztea, hau jada lortu dugu, eta orain helburua izango da azkenengo bi neurketak irabaztea. Ondoren daukagu Kopa. 

Denboraldia ez zenuten behar bezain ongi hasi Superkopa eta Kopan, baina bikain amaitu duzue. 

Bai, hasiera eskasa egin genuen. Superkopa galdu, Kopan lehenengo partidan kanpora… Gure animoak ezberdinak ziren baina gero talde moduan oso ondo ulertu gara eta igartzen da. Liga irabazi badugu zerbaitengatik izango da. 

Koparen erronka ere ate joka daukazue. Momentu onean iritsiko zarete, ezta?

Bai, mentalki oso sendo gaude, taldea oso ondo dago, gauzak oso ondo egiten ditugu. Egia da Kopa oso polita dela baina edozer gauza gerta liteke, begira iaz… Nik uste dut lehenengo neurketa dela zailena, irabaziz gero dinamika on batean sartzen zara. 

Kopa Maiatzaren 21etik 23ra jokatuko da Kanaria Handian eta Malaga izango duzue aurkari, iazko txapelduna. Nola ikusten duzu kanporaketa?

Oso zaila. 60 minutu dira, beraien aurka berdindu egin genuen Gascan eta han soilik hiru golengatik irabazi genuen. Zaila da euren aurka jokatzea. Castellanos eta Arderius bezalako jokalariak dituzte, oso onak dira, eta denboraldian zehar lortu dituztenak begiratuta ikusi daiteke zer nolako taldea den [talde andaluziarrak EHF Cup irabazi berri du]. Ahal duguna egingo dugu eta espero dugu irabaztea.