New York, Argentina eta Euskal Herria batu dituzte dantzan
Dantzaren Nazioarteko Egunaren atari eta aitzakipean, Arineketan taldeak New Yorken egoitza duen ALMA taldearekin eta Argentinako Necochea hiriko Gazte Alai dantza taldearekin elkarlanean "Belauntxingoa" kanta eta bideoa argitaratu du.
This browser does not support the audio element.
Arineketan 2020ko Irailean argitaraturiko disko eta proiektua da. Iñar Sastre pianojoleak eta Jagoba Astiazaran txistulariak sorturikoa. Euskal dantza eta tradizioko doinu eta erritmoak ditu oinarri. Juan Ignazio Iztuetak duela 200 urte jasotako doinuetatik abiatu eta gaur egungo modako estiloekin uztartzen saiatu dira, jazza, popa. Dantzaren Nazioarteko Egunaren aitzakipean, New York, Argentina eta Euskal Herria batu egin dira dantzaz, eta kantuz.
Iztuetak berak sorturiko hitzak dira, oso esanguratsuak eurentzat. Izan ere, Iztuetak duela 200 urte kanta honen inguruan dioen berdina egiten dute diskan. Lurpean, ahaztuta, zahartuta dauden doinuak plazara atera, eta oraindik dantzarako gai direla erakutsi.
New York-en egoitza duen ALMA taldea hiru emakumezko ahotsek osatzen dute. Zinerako musika eta audio ingeniaritzan espezializaturiko emakume hirukotea da ALMA. Pop musika ikuspegi berri batetik lantzen dute ahots harmonietan oinarriturik. Estreineko aldiz euskaraz abestera animatu dituzte arineketan proiektutik, Juan Ignazio Iztuetak duela 200 urte jasotako Belauntxingoa guztiz desitxuratuz.
Alma taldeko kide den Alba Sánchez Torremocha musikariak Donostiako Musikenen konposizio ikasketak egin zituen, eta han ezagutu zuten elkar Alba eta Jagobak. Honek taldeari euskaraz abesteko eta Arineketan taldearen kanta baten bertsioa egiteko erronka bota eta hirukoteak segituan onartu zuen. Oso bertsio berezia egin dute gainera, jatorrizko estilotik urrun.
Diasporari keinu egin nahian, Necocheako Euskal Etxetik dantzatu dute kantua, New York, Argentina eta Euskal Herria kanta baten bidez elkartuz. Necocheako Euskal Etxea asko ezagutzen du taldeak, Ainara Ortega abeslaria eta Jagoba bera behin baino gehiagotan izan baitira bertako euskaldunekin.
Munduko hiru puntu elkartzea zen hauek proiektuan txertatzearen helburua. Oso garrantzitsua izan da dantzarientzat parte hartzea. Batik bat kontuan hartuz denbora asko diardutela entsaiatu ezinik pandemiaren eraginez.
Etorkizunean 3 talde hauen arteko elkarlana aurrez-aurre gauzatu ahal izatea espero dute orain.