Oso garaikideak diren 3 literatura klasiko
Izan daiteke dela 4 mende idatzitako liburu bat garaikide? Bai, eta Maia Beitiak 3 ale ekarri dizkigu adibide bezala: Iliada, On Kixote Mantxakoa eta Miserableak.
This browser does not support the audio element.
Apirilaren 23an ospatzen da nazioarteko liburuaren eguna eta Bigarren Kafean 3 klasikori egin diegu tartea Maia Beitiarekin. Maiz aipatu baina, oso gutxi irakurri diren 3 liburu mardul, 3 klasiko. Bitxia da, literaturaren klasikoak izan arren, oso garaikideak dira: Iliada (k.a IX, Homero), On Kixote Mantxakoa (1605, Miguel de Cervantes Saavedra) eta Miserableak (1862, Victor Hugo).
Iliada (k.a IX, Homero)
Iliada greziar epopeia da, gure zibilizazioaren lehendabiziko poema idatzia da. Betidanik Homerok idatzia dela uste izan bada ere, teoria asko dira Iliadaren egileari buruz. Iliadak Troiako gerrako azken 51 egunetan gertatua kontatzen du eta Akiles greziar heroia du protagonista. Baina ez da inondik inora nobela beliko bat, Hollywoodeko Troya filmak balore hori sustatzen badu ere.
Homeroren poemak bakezaleak dira eta adiskidetasuna, ohorea, itzulera, borroka eta garaipena, errespetua edota zaintza dira obran zehar nabarmentzen diren baloreak. Akilesen amak semeari emandako aholkua ere ederra da, gaur egunerako ere oso baliagarria: Heriotza eta sufrimendua da bizitzan bermatuta dugun bakarra, beste dena nork berak eraiki behar du. Horregatik, egin behar dena da, ondo jan, ondo lo egin eta lagunekin ondo pasa.
On Kixote Mantxakoa (1605, Miguel de Cervantes Saavedra)
Bi zatitan argitaratu zen On Kixote Mantxakoa, lehenbizikoa 1605ean eta bigarrena 1615ean. Aditu askoren arabera, historiako eleberririk onenetako bat da. Idazkera estiloan liburuak 400 urte dituela nabaria bada ere, gai garaikideak jorratzen dira eta umorea oso presente dago. Erlijioak ez du lekurik nobelan, eta gizakiak eta gizakiaren pentsamenduetatik eraikitzen da istorioa guztia. Maiz esan da On Kixote eroa zela eta Santxo Panza tuntun samara, baina ez bat ez beste ez ziren horrelakoak Maia Beitiaren arabera.
Miserableak (1862, Victor Hugo)
Victor Hugo frantziar idazlearen epika eleberri bat da. 1862an argitaratu zen eta XIX. mendeko eleberri nabarmenetakotzat jo ohi da. 1815ean hasi eta 1832an Paris hiriko Ekaineko Matxinadarekin batera amaitzen da. Pertsonaietako bat da Fantine, langile-klasekoa da eta ikasle aberats batek haurdun utzi du. Alaba ondo egon dadin bere ilea saltzen du, hortzak...eta prostituzioan sartuko da; dena galduko du, edertasuna, ondasuna eta arima. Hala dio Victor Hugok nobelan: ogi pusketa baten truke arima eman behar izaten dute askok, miseria eskaini egiten da eta gizarteak onaru.