IRRATIA
Errimak Bi Oinetan, Haatik konpainia

Errimak Bi Oinetan: Bertsoaz eta dantzaz aldi berean gozatzeko aukera

Bertsoaz eta dantzaz gozatzeko aukera aparta da 'Errimak Bi Oinetan'. Loraldia Festibalaren baitan, martxoaren 17an taularatuko du Haatik dantza konpainiak bere ikuskizuna. Azkuna Zentroan izango da eta online ere jarratizeko aukera izango da.

This browser does not support the audio element.


Urtebete eta bi egun beranduago itzuliko da Haatik dantza konpainia Loraldia Festibalera. Joan den urtean ziren estreinatzekoak 'Errimak Bi Oinetan' ikuskizuna Bilbon, baina pandemiak dena bertan behera utzi zuen. Horregatik aurten, gogo eta indar gehiagorekin dira bueltan. Martxoaren 17an, Azkuna Zentroan taularatuko dute 'Errimak Bi Oinetan', dantza eta bertsoa sormentsuki elkartzen dituen pieza. Emanaldia online ikusteko aukera ere izanen da Loraldiaren webgunean.

Errenteriako Dantzagunera hurbildu gara Haatik dantza konpainiaren entsegu bat jarraitzeko. Pozik daude bueltan daudelako Bilbon, eta jakitun dira gainera plaza ederra dela. Izan dute aukera 'Errimak Bi Oinetan' Euskal Herritik mugitzeko, batez ere Gipuzkoan eta oso harrera ona izan duela esan ditu Aiert Beobide Haatik dantza konpainiako zuzendariak. Baina Bilbo, Bilbo da.

Dantza eta Bertsoa gurutzatzen den lekuan hasi zen sormen honen bidaia. Unai Elizasu bertsolari eta gai jartzaileak bota zien gonbita, eta Beobidek heldu. Batez ere, esperimentaziotik sortu zen 'Errimak Oinetan' lehen ikuskizuna. Hark izandako arrakastaren ondorioz sortu zuten bigarrena: Errimak Bi Oinetan.

Bigarren honetan kontzeptua bera bada ere, aldaketa nabariak egin dituzte. Bertso ariketa eta jokoak dantzara eramatea da emanaldi honen berezitasuna edo ezberdintasuna, eta horien bidez gaurkotasunari buruzko gogoetak plazaratzen dituzte, kantu ezagunei eta bertso sorta zahar eta berriei mugimendua emanez.

Sustrai Colina, Xalbador, Aitor Mendiluze, Lazkao Txiki, Uxue Alberdi, Odei Barroso eta bertsolari gehiagoren errimekin egingo dute dantza bost dantzarik. Igelaren bandak jarri die soinua bertsoei, eta Thierry Biscary, Maddalen Arzallus eta beste hainbatek jarri diote ahotsa. Bertsoa entzun, dantza ikusi eta emanaldia bizitu araziz.

ERRIMAK BI OINETAN from Haatik Dantza Konpainia on Vimeo.