Buru Arin | Amets gaiztoak, Amets goxoak
This browser does not support the audio element.
Ederki asko laburbildu digu bere bigarren diskoa Buru Arinek. Ibon Navas musikaria dago ezizenaren atzean, eta 2017an egin zuen plazara salto, euskarazko rapa egiteko. Duela hiru urte plazaratu zuen 'Haziak' maketa, eta ereindako hartatik sortu dira 'Buruko mina', 'Jolasean ez gabiz' eta 'Olerki ankerrak' singleak; azken hori Arrano Pertxarekin elkarlanean. 2021. urtearekin heldu zaigu 'Amets gaiztoak, Amets goxoak', atzean lanketa handia duen diskoa.
'Amets gaiztoak, Amets goxoak' diskoarekin ametsen A eta B aldeak arakatu nahi izan ditu Buru Arinek. Horrela, 10 kantuetan zehar, errima bat bestearen atzetik kateatuz, gai ilun nahiz argiakoak dakarzkigu rap-kantariak.
Pertsonaletik asko jarri du disko honetan Buru Arinek, eta bere pentsamendu eta iritzi propioek hartzen dituzte errimak. Funtsean, mezu argia bidali nahi du musikariak bere kantuekin: ametsak gaizto nahiz goxo izan, oso beharrezko ditugula.