IRRATIA

Asteazkenetan Ezpalak taldearen hautaketaz gozatzeko aukera izango dugu Beste Bat saioetan

Hilean behin laukotea osatzen dugu 15:00etan egiten den Beste Bat saioetarako. Ezpalak talde zestoarra izango da martxoko asteazkenetan, eta, gauzak ondo direla, hilabetea gurean bukatu eta disko berria kaleratuko du laukoteak. MusikHaria saioan izan dira Eñaut Gaztañaga eta Juanjo Berasain.

Diskoa atera aurretik formazio berrian aurkeztu dira Ezpalak taldeko kideak (Josu TORREALDAY).

This browser does not support the audio element.


Iaztik iragarri zuen Ezpalak talde zestoarrak disko berria kaleratuko zuela. Iraila, otsaila, martxoa… bada apirilerako espero dugu laukotearen bigarren lan luzea. «Aspaldi grabatu eta masterizatuta daukagu, baina bukaeran diskoa kaleratzeko interesa zuen zigilua agertu zen eta orain biniloak egin nahi ditugu eta disko fabrikei ere eragiten die pandemiak antza. Hortaz, bueno, espero dezagun oraingoan apirilerako etorriko dela», esan digu Eñaut Gaztañagak.

Ezpalak sortu zenean Eñaut Gaztañagak berak eta Unai Eizagirre baxu-jotzaileak abestu behar zuten, baina Gaztañagak kontatu digunez gitarran zentratu nahi zuen: « Ondorioz, ‘frontman’ bat nahi genuen, 90. hamarkadako taldeen moduan arituko zen abeslari solte bat. Xabi Arrieta eta biok ibili ginen ea nor izan zitekeen ezagutzen genuenen artean. Orduan gogoratu nintzen Juajno Los Motz taldearekin etorri zela estudiora, baina ingelesez abesten zuen. Kontua da euskaraz ez zuela hitzik egiten, baina kolaborazio bat egiteko deitu genion. Bideo bat bidali zigun euskaraz abestuz eta segituan ikusi genuen eta s eta z guztiak zestoarrok baino hobeto bereizten zituela. Hartara, grabaketa data gainera zetorrela, guztia grabatzeko eskaini genion eta baietz esan zigun», dio Gaztañagak.

Berasaini euskararekin duen harremanaz galdetuta zuzena izan da: «Urtebete daramat Donostian bizitzen eta astebete daramat euskaltegian, hortaz oraindik ere soltura falta dut, baina ulertu ulertzen dut. Taldekideak, pisukideak… euskaraz bizi dira. Gainera, familia euskalduna dut, Nafarroa iparraldekoa, baina ni Tuteran jaio eta hazi naiz eta ez dut euskaraz bizitzeko aukerarik izan». Gaztañagak berak ere ikusi du eboluzio bat Berasainengan: «Lehen diskorako buelta gehiago behar izan zituen abestiak grabatzeko, baina bigarrenerako zuzenketarik ez zuen behar izan. Ni abesten hasi nintzenean, askoz ere gehiago kosta zitzaidan», kontatu digu zestoarrak. Berasainek esan digunez euskara abesteko bakarrik ez, kantutik kantura zuzenekoetan egoten den tartea betetzeko ere ongi etorriko zaio, orain isilik egoten delako.

Taldean aldaketa bat izan dute duela gutxi eta bateria-jotzaile lanetara Janardana Iglesias sartu da Xabi Arrietaren ordez. «Xabirekin oso soinu berezitua lortu genuen eta diskoa berak grabatu zuen, baina beste proiektu bat ere badu (Bulego) eta harekin jarraitzeko erabakia hartu du. Bagenuen ordezkoa bilatu eta kontzertuetarako hura ekartzeko aukera, baina nahiago izan dugu aldaketa egin eta Janar beti gurekin izatea. Zorionez, erabakia ez da batere traumatikoa izan. Janar bateria jotzen ikusi gabe nintzen sekula eta iaz Grisesekin egin genuen kontzertu batean ikusi nuen lehenengoz. Nabaritzen zen instrumentua utzita zuela, baina forman jartzen ari da eta orain berriz ere entseatzen topera jarriko garen onetan asko nabarituko da hori. Kantuak bereganatzeko lanean dabil orain, izan ere bateria-jotzaile bakoitzak bere estiloa du eta gauzak berdin-berdin jotzea ezinezkoa da. Hortaz, esaten diogu, kantuak bere egiteko eta aske izateko», kontatu digu Gaztañagak.

Bigarren diskoan ekoizpena desberdina izan da ahotsetarako eta horrek Juanjo Berasainen ahotsa oldarkorrago erakusten digu. Aurreko diskorako kantuak Eñautek eta Unaik abesteko pentsatuta zeuden eta gero etorri zen Juanjo.«Hortaz, ahotsak bikoiztuta eta genituen eta oraingoan soilago dago eta horri Eñauten eskua gehituta, nire ahotsa beste modua batera entzutea dakar» kontatu digu Berasainek. Gaztañagaren ustez, «soiltasun horretan duen indarra gehiago nabaritzen da, bortitza da bere ahotsa. Lehen diskoan esanda bezala hasiera batean ez ziren berak abesteko kantuak eta bere ahotsa sartzean geruza gehiago jarri genituen aldaketa hori ez zedin izan hain desberdina gure belarrietarako».

Hiru bideoklip egin dituzte kaleratu dituzten hiru kantuekin: ‘Itzala’, ‘Tristura’ eta ‘Hegan edo hilik’. Lehendabizikoa Amancay Gaztañagak zuzendu zuen eta beste biak Duelorekin egin zituzten. Baina diskoa kaleratzen dutenerako laugarrena egin asmotan dira: «Egurra banatuko duen kantua izango da eta diskoa kantu horrek irekiko du. TAOMeko lagunekin egingo dugu, haiekin aurretik Grisesekin ere lan egin izan dugulako eta batzuen eta besteen lanak gustatzen zaizkigulako. Egoera bakoitzaren arabera ari gara batengana edo bestearengana jotzen, eta oso pozik gaude emaitzekin», kontatu digute taldekideek.

Aurrerapausoa Ayuken eta Oso Polita lagun dituztela
Duela egun gutxi iragarri dute Oso Polita zigiluarekin kaleratuko dutela disko berria. «Aurretik Ayuken bulegoarekin elkartu ginen disko berria ateratzea erabaki genuenean, Grisesekin ere haiekin gabiltza eta bulego egokiena iruditzen zitzaigun gure proiektua zabaltzeko. Gauzak horrela, bulegotik esan ziguten ea zergatik ez ginen Oso Politarekin elkarlanean hasten diskoa kaleratzeko, eta bizi dugun egoeraren jakitun, kontzertuak lotu eta diskoaren zabalkundea egiteko aukera bikaina sortu zaigu biekin», kontatu digu Gaztañagak. Last Tour International enpresaren zigilua da Oso Polita. Enpresak jaialdi garrantzitsu asko antolatzen ditu eta Zetak edota El Columpio Asesino taldeen azken lanak ere argitaratu ditu.

Diskoa kaleratu aurretik, ordea, Qverno taldekoekin elkarlana ere egin dute. Juanjoren ahotsa eta Eñauten gitarra sartu dituzte ‘Isolated tracks’ deituriko lan laburreko ‘A change is gona cum’ kantuan. Dinero taldearekin asko topatu dira Grises taldekoak oholtzetan, eta bertan ezagutu zuten elkar Alain Martinezek eta Eñaut Gaztañagak: «Iaz Psilocyben elkarrekin kontzertua eman behar genuen eta bertan behera geratu zenez, hau grabatzea proposatu ziguten. Lan labur horretan iaz bertan behera geratu ziren kontzertuetako taldeekin elkarlanak egin eta grabatu dituzte Qvernokoek».

Iaz, gainera, Ezpalaken kontzertu batean, Hondarribian elkarrekin egoteko aukera izan zuten berriz ere Ezpalak taldekoek eta Martinezek. Baina ordutik hona ez dituzte kontzertu asko eman. Dena dela, data berriak itxita badituztela kontatu digute: «Apirila eta maiatza bitartean bospasei kontzertu emango ditugu, Iparragirre Rock elkarteko kontzertua, Gernikan, apirilaren 24an izango dela aspaldi iragarrita dago, adibidez. Disko berria zuzenean estreinatzeko aukera izango da, beraz».

2020ko Martxoan, itxialdia aurretik abesti bat grabatu zuten eta itxialdia eta gero grabatu zuten atzetik disko guztia. Sare sozialetan ilusioa piztu ostean, denboran luzatu bada ere, badator Ezpalaken bigarrena. Aurretik, ordea, Beste Bat saioak egingo dituzte martxoko asteazkenetan Naiz Irratian.