IRRATIA

Nor zen Foixeko Katalina?

Nafarroako Errenazimentuak emakume aurpegia izan zuen, berariaz ezkutatu nahi izan den aurpegia: Foixeko Katalina erreginarena. Nabarraldek bultzatuta, perstonaia historiko honi buruzko komikia egin dute Angel Rekalde idazleak eta Ainara Azpiazu "Axpi" ilustratzaileak. Kultur tartean izan dira biak.

'Foixeko Katalina' liburuaren azala

This browser does not support the audio element.


Izurriteak, gerra, gosea, miseria eguneroko zituen erresuma txiro eta atzeratua jaso zuen oinordetzan. 34 urteren buruan egoerari buelta eman eta Estatu berri bat sortu zuen, aurreratua. Emakumea zen. Eta ez dugu ezagutzen.

Foixeko Katalina, berak errege bilakatu zuen Joan Labritekoaren emazte gisa igaro da historia liburuetara. Baina bera zen sortzez erregina, berak bilakatu zuen senartzat hartutakoa errege, eta urteen joanarekin erakutsi zuen sortzez eta izenez erregina bazen, izatez ere halaxe zela. Gurean ordea, Erdi Aroko erresuma Errenazimentura eraman zuen pertsonaia ezezaguna da.

Nabarralde fundazioak, komiki baten bitartez eman nahi izan du ezagutzera pertsonaia historiko hau. Fundazioko zuzendariak berak, Angel Rekaldek idatzi du 'Foxieko Katalina' izeneko lanaren gidoia, eta forma berriz,  Ainara Azpiazu "Axpi" ilustratzailaren eskutik etorri da.

Ilustratzaileak berak aitortu digunez, enkargua jaso aurretik berak ere ez zuen Foixeko Katalinaren aditzerik, eta sekulako aurkikuntza izan da historia lerro nagusien artean, gisa honetako emakume argi eta indartsu bat aurkitzea.

Komiki historiko bat da, eta erregina honen  pasarte bat kontatzen da bertan. Ez du ordea gisa honetako lanek izan ohi duten epikarik, eta gertakizunek adinako indarra dute bertan emozioek. Ilustrazio lanari dagokionez, marrazkilari hernaniarra bere egikerarekin fidela izan da, eta emaitza lankide izan duen Angel Rekalderen hitzetan «Bikaina izan da, nabarmentzekoa!».

Komikia Nabarralderen webgunean eros daiteke eta baita Elkarren bitartez ere.