IRRATIA

Agurne Gaubeka (Behatokiko zuzendaria): «Mendigorriako gurasoen kemena goraipatu behar da»

Gurasoen borroka luze batean ostean, euskarazko D eredua eskainiko da Mendigorriako eskola publikoan. Agurne Gaubeka, Hizkuntza Eskubideen Behatokiko zuzendariak, haien seme-alabentzako ez ezik, «Nafarroako haur guztien eskubideen alde» borrokatu dutela nabarmendu du Informazioaren Harian.

Mendigorriko guraso eta haurrek otsailaren 7an Iruñean egindako agerraldia. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)

This browser does not support the audio element.


Mendigorriakoarekin, urrats garrantzitsua den arren, «borroka hasi besterik ez» dela egin azaldu du Agurne Gaubekak, oraindik ere nafar askoren hizkuntza eskubideak ez baitira bermatzen euskararen legearen baitan, bereziki Zonalde Mistoan.

Zentzu horretan, Mendigorriako lorpena beste herri batzuetan D ereduko klaseak irekitzeko aurrekaria izan daitekeela dio Behatokiko zuzendariak: «Dagoeneko jendea deika hasi zaigu, eman beharreko urratsen berri izateko». Zonalde mistoan, landa eremuko herri txikietan dute D ereduko klaseak irekitzeko interesa, haurrek beste herri batzuetara autobusez joan behar ez izateko.

Eta konfiantza gehiago dute gurasoen lanarengan, Nafarroako Gobernuaren lanarengan baino: «Betiko aitzakiak aipatzen dituzte, besteak beste, ez dagoela eskaririk. Baina D eredurik ez bada eskaintzen, nekez egingo dute horren aldeko hautua gurasoek» adierazi du Gaubekak.

Eskola batean D eredua eskaini ahal izateko, Hezkuntza Mapa aldatzea ezinbesteko baldintza da. Eta prozesu luzea da; gutxienez 6 hilabeteko tartearekin egin behar da eskaria. Hortaz, D eredua ezarri ahal izateko, ikasturte bat lehenago hasi behar da prozesua, eta hala ere, eskaria eginda, D eredua eskaintzeko «bermerik ez dago» Behatokiko zuzendariaren arabera.

Eta Hezkuntza Mapa aipatuta, Gaubekak Naiz Irratian gogorarazi du, oraindik ere ez dela egin Mendigorriari dagokion aldaketa: «Urtarrilaren 28an esan ziguten datorren astelehenerako egina egongo zela aldaketa. Baina oraindik ez da gauzatu. Egin kontuak».