Esther Saavedra (ELA): «Argi dago ez zela sindikatuko ordezkariak txertoa hartzeko unea»
Santa Marina ospitaleko ELA sindikatuko ordezkari batek koronabirusaren aurkako txertoa hartu zuela jakin eta gero, azalpenak eman ditu Esther Saavedrak, ELAko Osakidetzako ordezkariak. Bere iritziz, Santa Marinan gertatutakoak txertaketa prozesua «desastrea» izaten ari dela erakutsi du.
This browser does not support the audio element.
Santa Marinan txertoa modu irregularrean hartu zuen ELAko ordezkariaren inguruan, zuzena izan da Saavedra, «lehen lerroan ez daudenean eta asistentzia ematen ez duten heinean, uste dugu zerrendan azkenak izan behar dutela profesional horiek». Akatsa onartu egin du Saavedrak eta aitortu protokoloak beste langile batzuk lehenesten dituela. Hala ere, bere sindikatuko ordezkariak txertoa zuzendaritzaren aginduz hartu zuela azaldu du, «gure ordezkariak Laneko Osasuna-tik jaso zuen informazioa; zuzendaritzak langile guztiak txertatzea erabaki zuela, baita sindikatuetako ordezkariak, erabateko babesa lortze aldera». Horrekin batera, Saavedrak gogorarazi du ordezkaria, «Osakidetzako langilea» dela eta ondorioz txertoa jasotzeko «eskubidea» duela, baina onartuz oraindik ez zela bere txanda iritsi, protokoloak zehaztutakoaren arabera.
Gogor kritikatu du ELAko ordezkariak Lakuak antolatutako txertaketa prozesua, haren ustez «desastrea» izaten ari delako. Gotzone Sagardui EAEko Osasun sailburuak asteazken honetan Eusko Legebiltzarrean egindako adierazpenez ere aritu da Saavedra. Azalpenak eman zituen Sagarduik, eta azalpen horiek kargua uzteko modukoak direla uste du, «ez zen gai izan azaltzeko zergatik jarri zaien txertoa lehen lerroan ez dauden hainbat langileri, eta ez, ordea, larrialdi zerbitzuetan lan egiten duten askori».