IRRATIA

Mendi Eskiko Espainiako Txapelketak jokatuko dira bihartik hasi eta igandera Boí Taüllen

Ostegunean hasi eta igandera arte luzatuko dira 2021eko Mendi Eskiko Espainiako Txapelketak. Iazko hutsunea eta gero, Boí Taüllen jokatuko dira urteroko legez jokatzen diren txapelketak. Besteak beste, Nahia Quincoces Euskal Selekzioko eskiatzailea izango da bertan eta NAIZ irratian izan dugu bera.

Mendi Eskiko Euskal Selekzioa. / ehkirola.eus

This browser does not support the audio element.


Boí Taüllen jokatuko dira Mendi Eskiko Espainiako Txapelketak bihartik hasi eta igandera. Lau diziplina ezberdin izango dira jokoan; errelebotako proba, esprintak, banakakoa eta bertikala. Igor Alzelai hautatzaileak dagoeneko egin du Euskal Selekzioaren deialdia. Bertan izango dira: Nahia Quincoces, Iñigo Martinez de Albornoz, Gartzen Elejabarrieta, Aitor Ajuria, Aimar Murua, Rada Urbizu, Igone Campos, Axier Alonso eta Aitor Ugarte.

Hain zuzen, NAIZ irratian izan dugu Nahia Quincoces mendexarra, txapelketari ekiteko «gogotsu» dagoela aitortu du. Fisikoki zer moduz dagoen galdetuta, Quincocesek dio «beste urte batzuetan baina ziurgabetasun gehiago» duela, ohi baina beranduago hasi baitira entrenatzen. «Bai pirineoetan, bai Euskal Herrian entrenatzeko aukera izan dut baimen batzuei esker», gaineratu du mendexarrak.

Bestetik, lehen azaldu bezala, lau modalitate edo diziplina ezberdin izango dira jokoan aste honetako Espainiako Txapelketetan: Erreleboak, esprinta, banakakoa eta bertikala. Quincocesek guztietan hartuko du parte, baina begirada «batez ere banakakoan» jarrita duela aitortu du. Euskal Selekzioaren deialdian bederatzi eskiatzaile daude, eta orokorrean taldea «sendo» ikusten du bizkaitarrak.