IRRATIA

«Markotik irteteak kritikak jasotzea edota askorentzako eredugarriak ez izatea dakar»

‘Amets bati lotuta’ disko berria besapean dutela izan dira MusikHaria saioan Brigade Loco taldeko Manex Egaña eta Lander Aznal. Taldea, ordea, Oier Aperribaik, Mikel Sotok eta Alex Arteagak osatzen dute. Urtarrilaren 23an Hernanin izango dira azken lana aurkezten NAIZ kontzertuen ziklo berrian.

Brigade Loco taldea Hernanin egingo diren NAIZ Kontzertuetan ariko da. (Jon URBE | FOKU)

This browser does not support the audio element.


MusikHaria saioan elkarrizketatu ditugu Brigade Loco taldeko Lander Aznal eta Manex Egaña. Aznali galdetu diogu eta zenbat txiste egin ote dizkioten abizenaren baitan eta berak aitortu digu «txikitan egunero edo ia egunero» egiten zizkiotela. «Aititak askotan kontatu izan zigun nondik zetorren gure abizena, zein izan zen aldaketa burutu zuena, hortaz, badauka bere istorioa honek ere», kontatu digu abeslari debarrak.

Lander Debarra, Manex Hernaniarra eta gainerakoak Bergarakoak dira, horregatik taldea herri horrekin lotzearena. Manex Egaña Eskoriatzan hasi zen ikasten eta bertan Alex Arteaga ezagutu zuen. Hark Bergarako beste bi lagunekin talde bat osatu nahian zebilela esan zion, eta lagun haietako batek, Oierrek, Landerrekin beste talde bat egiteko hitz egina zuenez, horrela eman zen elkarketa.

Memoria historikoa beti presente dute Brigade Loco taldekoek, ’Bi arima’, ‘Ez dira pasako’ edota ‘Telesforo’ kantuak adibide. «Beti iruditu zaigu garrantzitsua memoriarena eta oraingo lan honetan oso presente dago», kontatu digute taldekideek. Intxorta mendian gertatutako gudua aipatzen dute ‘Ez dira pasako’ kantuan, Gerra Zibilaren inguruan kantu bat egiteko nahia zutelako. «Bada, taldea Bergaran finkatuta egonda eta Intxorta gertu egonda, bertako pasarteak gogoraraztea aproposa zela iruditu zitzaigun», esan digu Aznalek.

Kantuaren bideoklipa kaleratu baino hilabete dezente lehenago hasi ziren lantze. Baliabideak lortu behar dira, aktoreak, logistika osoa, arropak… eta guztia ongi joateko lan asko dago atzetik. Taldekideak ez dira baina aktore lanetan agertzen, ekoizpenean aritu dira buru-belarri.

Aipatu dugun ‘Bi arima’ kantuan, diskoko laugarrenean, bi arima zaindari aipatzen dituzte eta Manex Egañak idatzia da. «Gerra zikinaren pasarte batean oinarrituta daude kantuaren hitzak. 1984an ‘Kattu’ eta ‘Txuriya’ hil zituen Guardia Zibilak granada batekin Hernanin eta bere garaian pasarte esanguratsu eta bortitza izan zen. Kortatuk ere egin zuen honen inguruan abesti bat eta guk ere omenaldia egin nahi izan diegu hura sufritu zutenei», kontatu digu Egañak.

Estilo berdinaren barruan sartzen dira kantu guztiak. punk-oi delakoan, baina lehendabiziko abestiak punk-rock amerikar surflarira eramaten gaituzte. «Bost pertsona gara taldean eta erreferentzia desberdinak izateak kantu batzuk makarragoak eta besteak goxoagoak-edo izatea dakar», aipatu digute Brigade Locoko kideek.

Bigarren kantuan, NOFX taldearen estilo azkar horretan, erlijio kristauari egurra eman diote. «Oierren ideia izan zen kantuarena. Lerro batzuk idatzi eta ekarri ondoren, gaia lantzea interesgarria iruditu zait. Izan ere Eliza katolikoaren gainbehera ikusi dugu, komatxo artean bada ere. Dena dela oraindik ere nola dabilen ikusita eta izan dituen istorio beltz guztiak izanda, hori guztia islatu nahi izan dugu kantuarekin», nabarmendu du Egañak.

Britainia Handia eta Irlandaren arteko gatazka ere presente izan dute. Elizarekin gertatzen den moduan, puri-purian egotetik hozkailura pasatzen den gai horietakoa delako Irlandako gatazkarena. Landerrek asko sakondu du, Ipar Irlandan askotan egon da «eta gatazka oraindik hor dago presente. Hartara, gure aletxoa jarri nahi izan dugu gai hori landuta. Berriz ere lehen planora ekarri nahi izan dugu Irlandako gaia, memoria ariketa bat egiteko», azaldu digu Aznalek.

Gazteon konformismoaz  eta horren aurrean sistemak izan duen garaipena salatu nahi izan dute ‘Inperfekzio perfektua’ abestiarekin. «Gazteok etengabeko kapitalismoaren eredura ohitzen gara errez eta espiral horretan bizi garela salatu beharra zegoen. Gazteok egiten dugun bizitza markatu hori salatu nahi izan dugu», esan digu Egañak. Aznal berriz kritikoagoa izan da: «Taldekideok askotan entzun behar izan dugu ea zergatik esaten ditugun halako gauzak. Markotik irteten gara eta horrek kritikak jasotzea edota askoren begitarako eredugarriak ez izatea dakar», kontatu digu Aznalek.

Sound of Sirens estudioan grabatu dute Julen Urzaizekin diskoa. «Erosotasuna ematen digu bertan diskoa grabatzeak eta gainera lana oso fin egiten du Julenek». Buelta asko eman zizkioten kaleratze datari. Berez apirila hasieran kaleratu behar bazuten ere, orain hasi dira kantuak aleka sareratzen. Diskoa kaleratu zuten lehendabizi jendeak erosteko eta orain kantuak igotzen ari dira. Horrekin nolabait ere diskoa erosi duenari errespetua erakutsi nahi izan diete. «Jendeak diskoa erosteko esfortzua egiten du eta horrela gozatzen dute. Hortaz, lehendabizi haiek entzun dezatela eta gero kaleratu behar izaten direnez, sarean joango gara kantuak zintzilikatzen».

Diskoak Euskal Herrian zabaldu zituzten hainbat tabernetan, baina oraintxe non eta zenbat geratzen diren zehatz ez dakite. Izan ere banaketa guztia berek egin dute, baina mugikortasunaren mugak eta abar asko eragin die guztia nahi bezain ondo egin ahal izateko. Dena dela, beren webgunetik disko, binilo zein bestelako materiala erosteko moduan dira.

NAIZ Kontzertuak

San Agustinen eman zituzten kontzertuak gogoan izango dituzte betirako. Formatu berrian, zalantzekin, urduri, beldurrez, gogoz… Horrela igo ziren oholtzara. «Asteburu polita izan zen eta sentimendu kontrajarriak genituen arren, aurrera atera zen guztia eta pozik geratu ginen. Garagardo gabe eta mugimendu gabeko, kontzertuak zailak dira guretzako, baina zaletuek sekulako erantzuna eman zioten egoera berriari».

Beste aukera bat izango da orain urtarrilaren bukaerako NAIZ kontzertuena. «Hilabete hauetan ez dugu kontzertu gehiegi ematen eta saiatzen gara egoera berri honetako kontzertu moldean gehiegi ez ematen. Ez da guk nahiko genukeen kontzertu formatua, eta, hein batean betetzen gaituen arren, ez gaitu guztiz betetzen», kontatu digute Brigade Locoko kideek. «Dena dela, Des-Kontroleko lagunekin eta Manexen etxean jotzeak ilusio berezia egiten du. Kiroldegia, gainera, okasio berezietarako bakarrik zabaltzen dute. Hala ere zutik entzuteko eta garagardotan bustitako kontzertuen beharra dugu», gaineratu dute taldekideek. Tartean behin eta gogoko dutenetan eskainiko dituzte horrelako kontzertuak. Hortaz, Brigade Locoren zaleek badakizue, urtarrilaren 23an ez hutsik egin zitara, oso aukera gutxi izaten ari baikara haien doinuez zuzenean gozatzeko.