Infernuko sugarretan, hitz ederren erresuma
Literaturarekiko "birmaitemintze" bat, eta hitzei darien edertasuna partekatzeko gogoa izan dira www. deabruareneskola.eus ekimenaren hazia. Irati Jimenez eta Mikel Soto idazleak dira Esteban Montorio diseinatzaielarekin batera eskola gartsu honen sustatzaileak. Lehen biak izan ditugu gurean.
This browser does not support the audio element.
«Irakurzaletasunaren suak edertasunaren jauregi infernaletan pizten dira» irakur dezakegu Deabruaren Eskolaren twitter-eko kontuan. Infernuaren magaletara jo dute Irati Jimenez, Mikel Soto eta Esteban Montoriok literaturaz gozatu eta gozarazteko. Hori baita azken batean www.deabruareneskola.eus proiektuaren helburua, hitzen edertasunari gorazarre egin eta beste irakurzaleekin partekatzea.
180 sarrerarekin abiatu da Esteban Montorio disenaitzailearen zigilu estetikoa daraman webgunea. Zuri-beltzeko paisaia batean, literaturako pasarte eder bezain gordinetatik nabigatu dezake irakurleak. Gutunak, poemak, elkarrizketak, narrazioak, kronikak, eleberrietako pasarteak... askotariko testuak aurkituko ditugu bertan, bere aniztasunean guztiek berezitasun bat partekatzen dutelako: edertasuna. Irati Jimenezek azaldu digunez «azken aldian bizi izan dugu literaturarekiko halako "birmaitemintze" bat edo, eta partekatu nahi izan dugu».
Astean birritan elikatuko dute eskola sustatzaileek, eta gizarte sareetan eguneroko presentzia izango dute, hitz eder horiek aitzakiatzat hartuta, zaleen artean sareak, zubiak eraikitzea baita asmoa.
Webguneak atal desberdinak ditu, azpimarragarria 'Aker Larrea' deritzona, batasun tematikoren bat duten testuekin sortutako bildumak argitaratuko dituzte. Jazz-ari buruzkoak, Gernikari buruzkoa eta prostituzioari buruzkoak dagoeneko kontsultagai daude.
Eskolak pantailetatik aruntzago ere bizitza hartu nahi du eta horretan da 'Leizeko eskola' proiektua. Bizi ditugun garaiak kontutan hartuta ze forma hartuko duen oraindik erabakitzea zail bada ere, modu presentzialean modu batera edo bestera eskolak bizitza hartuko du.