«Haurrek naturaltasunez hitz egiten dute heriotzaz»
Heriotza hartu dute ardatz Pirritx Porrotx eta Marimototsek 'Amaren intxaurrak' izeneko azken lanean. Joxe Mari Agirretxek kultur tartean azaldu digu, zergatik eta nola heldu nahi izan dioten gai honi.
This browser does not support the audio element.
‘Amaren Intxaurrak’ ipuina eta ikuskizuna estreinatu berri dituzte Pirritx, Porrotx ta Marimototsek. Heriotzaren gaia jorratzen dute azken lan honetan pailazoek. Katxiporretaren bulegoan, Lasarten, Pirritx, Porrotx eta Marimototsen etxean hartu du NAIZ irratiaren mikrofonoa Joxe Mari Agirretxek, beste hainbat aterpetik pasa ostean pailazoen etxe bilakatu denean.
Duela 33 urte euskara eta alaitasuna zituzten helburu pailazoek, baina berehala ohartu ziren beste zerbaiten beharra ere bazela, haurrentzat erreferente zirela eta eredu ere bazirenez, lantzen zituzten gaietan balioak ere lantzea ezinbestekoa zela. Hainabat gai landu dituzte urte hautetan guztietan, ‘Amaren intxaurrak’ lanarekin heriotzaren gaia landu nahi izan dute.
Heriotza komunitatean lantzeko beharra azpimarratu nahi izan digu Joxe Mari Agirretxek, heriotza gure bizitzetatik at dagoen zerbait bezela bizi dugulako gaur egun sarritan. Julio Sotoren hitzak eta Maite Mutuberriaren irudiak hartu dituzte libururarako lagun.
Unibertsoaren ardatza bagina bezala bizi gara sarritan Joxe Mari Agirretxeren iritziz, eta jabetu behar dugu naturaren aurrean txikiak garela, momentu labur baterako gaudela bizitza honetan, eta momentu labur hori bizitzea garrantzitsua dela. Askotan ez dakigu heriotzaz nola hitz egin, gutariko bakoitzak galera hori modu desberdin batean bizi dugulako, baina garrantzitsua, ondoan egotea eta galeara sufritu duenari laguntzeko prest egotea da Joxe mari Agirretxeren hitzetan.
Haurrei dagokienez,«sarritan helduok baino erraztasun handiagoz aritzen dira heriotzaren inguruan, naturalagoak dira, helduok traba gehiago izan ohi dugu» azpimarratu digu Agirretxek.