Zaintzaren gaia umorez hartu dugu 'Dena Irailerako' saioan
Robert Altmanen 'Short cuts' filmean, protagonistak, 22 pertsona inguru, elkarren artean erlazionatzen dira. Batzuk zuzenean, beste batzuk zeharka, baina nola edo hala beraien artean harremana daukate. Birusaren hedapenaren kontu honi, haren antza hartzen diot. Gure harremanen haritik tiratuz, egunaren, astearen, amaierarako zenbat pertsonekin izan dugu interakzioren bat? Askorekin, ziur aski, maila desberdinetan.
This browser does not support the audio element.
Honek ez du zertan derrigorrez apokaliptikoa izan, egon lasai. Ez, behintzat babes neurriak errespetatzen baditugu. Kontua da, interakzio horiez guztiez baliatu gintezkeela birusa ez den beste zenbait gauza hedatzeko. Umorea, esate baterako, edo maitasuna, eta, azken honi estuki lotuta, eta beste ezeren gainetik, elkarren arteko zaintza. Gaur, gurean, zaintza horrek umore kutsua hartuko du, Nerea Arriolaren eskutik, 'A-normalitate berria' atalean. Urko Rodriguezek eta Kimok, ohikoa duten lan ona eskainiko digute egunotako efemerideak eta musika lotuz. Eta elkarren arteko zaintzaz inork baino gehiago dakien Eider Iruretagoiena psikologoa izango dugu bisitan.