Aldez aurretiko nostalgiaz hasi du azken astea 'Dena irailerako' saioak
Gaur hasten da gure atzerako kontaketa partikularra. Azken astea dugu hau, atea hasi zaigu muturren aurrean ixten. Denoi kostatu egiten zaigu gauzak itxi eta atzean uztea, bizitzan ezeri eustea posible balitz bezala. Haurtzaroari eutsi nahi diogu, gaztaroari, edertasunari... eta, azkenik, bizitzari berari ere bai, hori posible balitz bezala.
This browser does not support the audio element.
Pentsatzen jarrita, bizitza bera zer da, ez bada atzerako kontaketa bat, jaiotzen garenean martxan jartzen dena. Hau ez dut nik esan, noski, baten batek esango zuen lehenago. Hortaz, gure filosofia, nik dakidala euskaraz bakarrik existitzen den esamolde batean oinarritzen da: gero gerokoak. Goazen momentuaz gozatzera eta ikusiko dugu zer ekartzen digun etorkizunak. Asmo horrekin dator Ibai Fresnedo, azken egunotako traol-hitzen berri ematera. Olatz Beobidek antzerkigintzaren iragan eta etorkizunaren inguruko altxorrak ekarriko dizkigu, astelehenero bezala. Eta gure gaurko gonbidatua Mikel Chamizo musikari tolosarra izango da. Bere azken proiektuez hitz egin eta bitxikeri batzuk aurkeztuko dizkigu.