Oholtzetara buelta, ilargian 'Gu primer!' izan ginela esateko
Oholtzetara bueltatuko da asteburu honetan Ramon Agirre aktorea. Berak gustokoen duen lekura, antzokira. 'Gu primer' obra taularatuko du Donostiako Antzoki zaharrean Nerea Gorriti eta Inazio Tolosarekin batera. Entsegu eta entsegu artean tarte bat hartu du gurekin kafea harte, Bigarren Kafea saioan.
This browser does not support the audio element.
Normaltasun berrira egokitzen ari gara denak, baita antzerkilariak ere. Asteburu honetan 'Gu Primer' antzezlana aurkeztuko dute Donostiako Antzoki Zaharrean. Ez ohiko egoera izango da noski, baina Inazio Tolosa, Nerea Gorriti eta Ramon Agirre gogor eta gogoz aritu dira entseguak egiten asteburu honetan 'Gu primer' antzezlana aurkezteko. Entsegu eta entsegu artean tarte bat hartu du Ramon Agirrek guretzako, solastu dugu antzezlan berriaz baina baita orain arteko ibilbideaz ere.
Umorez betetako obra da Asier Sotak zuzendutako 'Gu Primer'. Inazio eta Ramon "Parisen" bizi dira, Artistaren Etxean. Egoitzan lanean hasi berri den Nereak, 'programa' berezia prestatu du bi lagunentzat: kontzertu sorta eskainiko dute non bere errepertorio eta bizipenak kantu-kontatuko baitituzte. Balentria handi baten berri emango dute: ez amerikarrak, ez errusiarrak; bi euskaldun izan ziren ilargira iristen lehenak (Gu primer!).
Ramon Agirrek arkitektura ikasketak Valladoliden egin zituen arren, 1983tik aktore lanetan ikusi dugu ekoizpen askotan. Bere aktore ikasketak Eusko Jaurlaritzaren Antzerti eskolan burutu zituen, eta harrezkero telebista, antzerki nahiz zineman ikusi ahal izan dugu; nazioarteko lan askotan ere parte hartuz. Zerrenda luzea izan arren bere azken lanen artean, En el corredor de la muerte, La casa de papel 4, Goazen (telebistan), Handia, Amour, Aguretxebeste (zineman) eta Putinen guardasola, Heroiak, Xentimorik gabe (antzerkian), aipa ditzakegu.
Komediarekin lotu izan dugu askotan, baina bere lanetan aniztasun handia dago, edozein motatako lanak bikain defenditzen dituelarik. Jasotako sarien artean 2018an Zinemaldiaren baita jasotako Zinemira saria aurkitzen da. Donostiako Zinemaldian berak izandako parte hartzea 1986an Montxo Armendarizen 27 ordu lanarekin hasi zelarik.
Aktore lanaz gain, sinesten duen gauzen alde ere lanean eta defentsan ikusi izan dugu, eta bere umiltasunak urrutira eraman duen bezalaxe, gurera ere ekarri du gaurkoan, Bigarren Kafera, entsegu baten erdian.