IRRATIA
Interview
Pilar Lekuona
Gipuzkoako Erizainen Elkargoko Lehendakaria

«Kalean jendea oso erlaxatuta ikusten da, Koronabirusa hor dagoela ahaztu egiten zaie»

Pilar Lekuona Gipuzkoako Erizainen Elkargoko Lehendakaria Naiz Irratian izan da. Azken bi hilabeteotan bizitakoa oso gogorra izan dela adierazi du, baina baita asko ikasi dutela ere. Bigarren olatu bat etor daitekeela aurreikusten du Lekuonak ere, eta ordurako neurriak hartzen hasita daude.

Pilar Lekuona

This browser does not support the audio element.


Bi hilabete baino gehiagoren ostean, zein da egungo egoera ospitaleetan?

Egoera asko lasaitu da. Hala ere gure egoera kontraesanekoa da orain; pozik gaude egindako lanarekin nahiz eta hasieran erokeria bat izan. Baina arnasa hartzen ari gara momentuotan, ikasitakoa barneratzen. Beldurrez ere bagaude, ordea, deseskalatze honetan ikusten dugulako gizartea ez dagoela oso informatua. Maskarillak beharrezkoak dira, baina ezinezkoa da gauzak ondo egitea garbi ez badituzu. Eguraldi onari esker eta jendeak kalera irteteko gogoa duenez, ba hor dago arriskua. Pozik gaude batetik, egin behar genuen lana ondo egin dugulako, baina kezkatuta baita ere, bigarren olatuaren beldur garelako.

Gaurtik maskarak erabiltzea derrigorrezkoa da leku zehatz batzuetan. Informazio falta aipatu duzu. Maskaren inguruan uste duzu eskaini den informazioa egokia izan dela?

Guk informazio zehatzak dauzkagu zer motatako maskarillak dauden eta nola erabili behar direnaren inguruan, eta gure erizainei informazio jori ematen diegu infografia bidez. Nik uste infografia hori beharrezkoa dela herritar guztientzat. Bakoitzak egokia dela uste duen maskara edo saltzen diotena erabiltzen du. Nik uste dut ordea nola erabili eta zer modutan argiago erakutsi behar dela. Jendeak askotan kopetan edo ahoaren azpitik erabiltzen ditu eta horrelakoak kontutan izan behar dira. Ezin da ahaztu Covid-a hemen dagoela eta denbora baterako gainera.

Lakuako Osasun Sailburu Nekane Murgarekin bilera izan zenuten joan den astean. Zer moduz joan zen?

Aspalditik geunden bilera horren esperoan. Hiru elkargoak gehituz hamasei mila erizain biltzen dira. Asko gara eta uste genuen hasieratik elkargoekin eta barne dauzkagun espezialistekin kontatuko zutela. Bi hilabete eta gero deitu ziguten eta galdera zehatzak genituen, batez ere sufritu ditugun gauzekin erantzun zehatzak izateko; besteak beste materialak bermatzeko, estrategiak koordinatzeko, gertatu denaren ostean  lanbide arriskutsua bezala onartzeko eta egoera berri honetarako estrategia egoki bat bilatzeko.

Dezepzioa izan zen. Nekea ikusten zen, ez dugu esango ahal dutena ez dutenik egin, baina bai gurekin ez dutela kontatu. Elkargoekin ere kontatu beharko lukete beharko lukete gure ustez. Dezepzioa jaso genuen alde horretatik.

Zergatik uste duzue dagoela Lakuako Gobernuko ordezkarien aldetik jarrera hori? Zein arrazoi dago horren atzean?

Galdera oso ona. Geuk ere ez dakigu. Eman den irudia izan da euren taldearekin egin dituztela bilera horiek eta ez dutela osasun langileen iritzirik kontuan hartu. Nik uste hori falta izan dela, osasun langileen iritzia erabakiak hartzerako orduan. Hain garrantzitsuak izan gara pandemia honetan, behin aukera izanda ikusgarritasuna eskatzen genuela. Covid-19ak ezusteko batean harrapatu gaitu eta egoera hau ekarri. Guk horrek ikusgarritasuna eman digu eta behingoagatik ikusiko zuten erizainak ere garrantzitsuak direla.

Zuen lana lan arriskutsu gisa kalifikatzeko eskaria egin duzue beraz. Lortu duzue jaramon egiterik?

Bai eta ez. Isilik daude. Gu joan ginean Covid-19aren arriskua osasun laboralean onartuta zegoen. Kutsatze arriskua zegoen eta ikaragarria izan da material falta. Ez genuen pentsatzen oinarrizko materiala faltako zenik. Horrela lan egin dugu, hala moduz. Material eskaera hori nazio mailakoa izan zen eta horrela eskatu genion Eusko Jaurlaritzari.

Egoera honetan, erizain kutsatuen datuak badauzkazue?

Dauzkagunak datu orokorrak dira. Madrilen makroinkesta bat egin da eta hango datu orokorrak eman dira. Datu orokor bat eman zigun Osasun Sailburuak eta duda sortzen digu zenbaki horrek. Hirurogei mila erizainetik, kutsatuak mila eta zazpiehun bakarrik izatea arraroa iruditzen zaigu. Nik uste datu fidagarriak izateak gehiago lagundu dezakeela.

Nekane Murga Osasun Sailburuarekin bilera izan ostean oharra kaleratu zenuten, adieraziaz Koronabirusaren bigarren olatu bat etorriko balitz gobernuak ez daukala prestatutako planik. Hala da?

Guk eskatu behintzat egin genion eta ez ziguten eman. Agian badaukate. Krisi egoera honetan lan planak eta protokoloak egunero berritzen ziren pandemiaren erdian. Erokeria bat izan da eta gainerako guztiak horretara egokitzen ginen. Ona izaten da, ordea, horretarako gauzak zehaztuta izatea. Gauza zehatzak baldin badituzu, zer egin behar den momentu bakoitzean adibidez, onurak ekarriko lituzke horrek. Gauzei aurrea hartu behar zaiela ikusi da.

Hori zen eskaera. Planen bat prestatuta baldin bazeukaten guri erakustea, guk ikusi eta babesteko edo laguntzeko proposamenen bat bagenuen ba egin ahal izateko. Baina bueno, ez da horrela izan. Bien bitartean moldatzen ari gara funtzionamendu berri honetara.

Ospitaleak eta arreta zerbitzuak lehenera itzultzea nahi baldin bada estrategia bat behar da. Horretarako garrantzitsua da erizainekin kontatzea. Albiste on bakarra izan dugu krisialdi honen erdian, beste hogeita hamalau erizain kontratatuko dituztela. Lehen arreta oso zerbitzu garrantzitsua da Covid-19a detektatzeko. Hori ezinbestekoa da herritarren osasuna zaindu eta babesteko. Horrela gabiltza, estrategia on baten bila. Ez ahaztu erizainak ez gaudela ospitaleetan bakarrik; eskoletan edo zahar egoitzetan ere bagaude.

Asko aipatzen da bigarren olatu bat etor daitekeela. Uste duzu erlaxatu egin direla herritarrak?

Bai. Biztanleria gehiegizko normaltasunez dabil eta ordutegiari esker kontrolatzen da bakoitzak zer ordutan atera behar duen. Terrazetan edo kalean jendea oso erlaxatuta ikusten da, jakin gabe Koronabirusa hemen dagoela. Berriro beste erorketaren bat izango dela aurreikusten dugu eta  espero dugu gu geu ordurako lasaiago harrapatzea. Asko ikasi dugu lehen olatu honekin eta neurriak hartzen ari gara.

Nekatuta ere egongo zarete ezta?

Bai, oso. Egunak, gauak... Egun asko zian dira, batez ere bat-batean sufritu dugulako. Ikasi egin dugu zer den egunero heriotzak sufritzea, familiei dolu horrekin laguntzen saiatu gara. Jendearen gehiengoa sendatzen ohituta gaude. Normalean jendea sendatu egiten da, eta bat-batean hainbeste hildako ikustea gogorra izan da. Egunerokoan EPI horiek, maskara horiek, babeseko material horiek erabiltzea ere bai. Emozioak ere bizi izan ditugu, herritarren keinuak sekulakoak izan dira. Mezua oso zehatza izan zen hasieratik: jendeak etxean egon behar zuela. Horri esker esango nuke lortu dugula Covid 19 honi aurre egitea.