Elene Carreto: «Zumbak alai jartzen zaitu, terapia da»
Konfinamendu egoeran, etxean kirola egitera behartuak daude Hego Euskal Herriko herritarrak, Ipar Euskal Herrian aldiz, badago aukera kirola kalean egiteko. NAIZen egunero eskaintzen dugu zumba klase bat, etxean eta modu dibertigarri batean kirola egiteko. Elene Carrero da irakaslea eta berarekin hitz egin dugu.
This browser does not support the audio element.
Gimnasio eta kiroldegietako ateak itxita daude, baina, kirola alde batera ez uztea garrantzitsua da egun hauetan. Kirola ona da, fisikoki zein mentalki. Bidasoako alde bateko herritarrek badaukate aukera kalean kirola egiteko, beste aldekoek, aldiz, ez. Gorputza mugitzea oso garrantzitsua dela kontutan hartuta eta etxealdi hau ahalik eta atseginen egiteko helburuarekin, NAIZek egunero zumba klase birtual bat eskaintzen du. Elene Carreto irakaslea elkarrizketatu dugu Naiz irratian.
Arratsaldean da Elene Carretorekin zita, «jendeak badaki arratsaldeko zazpietan zumba klasea dagoela eta eguna desberdin planteatzen dute, helburu batekin», dio irakasleak, eta gaineratu du klase birtual hauek «terapia» bezala balio dutela «zumbak umorea aldatzen dizu. Terapia da» dio Carretok.
Koronabirus garai honetan zumba irakasten ari bada ere, bere egunerokoan Dantzaz konpainiako dantzaria da Carreto. Dantzaren sektorean, krisi honek eragin zuzena izango duela ohartarazi digu «orokorrean gure sektorea zapalduta dago, ez da baloratzen gure lana, eta lan baldintzak eskasak dira» dio.
Diru laguntzen inguruan, «kultura arlotik orain arte behintzat ez da asmorik izan gure sektoreari zuzeneko laguntzak emateko», aipatu du. Egoera honek dantzarien bizitzetan duen eragina azpimarratu du Carretok: «dantzari askok emanaldietan jasotako dirua behar dute bizitzeko eta momentu honetan ez dago emanaldirik».