IRRATIA

Prozesua da ogi onaren gakoa

Mungiako 'Gure Ogia' okindegian egunero helburu bakar batekin ari dira lanean: benetako ogia egitea, ogi ona egitea. Unai eta Eneko Elgezabal anaiek daramaten okindegi honetan, hasieratik amaieraraino tentuz hartzen dituzte erabakiak, eta mimoz darabiltzate eskuak. Osagairik onenak eskuratzen saiatzen dira, baina lehengaiei adinako garrantzia edo gehiago ematen diote, ondoren datorrenari, ogia dendako apaletan jarri bitarteko prozedura guztiari.

Borja AGUDO

This browser does not support the audio element.


Konfinamendu egun hauetan, notarioak sinatutako agiri batek bezainbesteko balioa du etxetik kalera ateratzerako garaian, baina agiriek ez bezala, Naiz irratian hizpide izan dugun 'ibiltzeko baimen' honek, gorputzak eta arimak ere asetzen dizkigu. Ogiaz aritu gara solasean, «benetako ogiaz», Mungiako 'Gure ogia' okindegiko Eneko eta Unai Elgezabal okinekin.

Anaiak dira Unai eta Eneko, eta badira urte batzuk familiako okindegiaren martxa beren esku hartu zutela. Izan ere, ogigintzan diharduten Elgezabaltarren hirugarren belaunaldia da hau, aitite Kosme izan zen lantegi honetan lehena. Bere baserrian egiten zituen ogiak, gurdia hartu eta  etxez etxe banatzen zituen garai hartan. Gero Kosmeren semeek ogi lantegi bat abiarazi zuten.  Tartean zen Eneko eta Unairen aita. Baina honek eta emazteak familia izan zutenean, bide propioa egitea erabaki zuten: orduan sortu zen 'Gure ogia' okindegia.

Irin zaku eta gurasoen lan jardun amaigabeen testigu hazi ziren bi anaiak, inoiz ez zirela okin izango promesa behin eta berriz errepikatuz beren buruari. Urte batzuk beranduago, nekez ulertuko litzateke Elgezabal anaien bizitza, irin, hartzidura eta laberik gabe: okinak dira, goitik beherainokoak.

Mungiako okindegian, egunero berrogei ogi ezberdin inguru aurkitu daitezke, guztiak eskuz eginak, baguetteak izan ezik: hauek gurasoegandik jasotako antigoaleko erramintak osatzen ditu.

Tentuz aukeratzen dituzte irinak, baina batez ere ondoren datorrenari ematen diote garrantzia: prozesua da gakoa, oreari behar duen denbora ematea, behar duen tratua ematea. Emaitza begi bistakoa da, itxura ederra eta zapore sakoneko ogiak egiten dituzte, baina baita denboran ederto kontserbatzen direnak ere.