Debagoienako Mankomunitatea: «Epe motzean ezin da Epelen hondakinik jaso»
Zaldibarko hondakinak nora joango diren ez dago batere argi. Lakuak EAEko zabortegi publikoak aipatu zituen baina Bizkaiko Foru Aldundiak ez dela posible esan du eta Debagoienako Mankomunitatetik gaia aztertzeko prest agertu badira ere, epe motzean ez dela posible izango diote, NAIZ Irratian egindako adierazpenetan.
This browser does not support the audio element.
«Epe motzean ez dago aukerarik hondakinik jasotzeko Epelen, ezin delako, ez delako posible». Maite Anton Debagoienako Mankomunitateko presidenteak NAIZ Irratian adierazi du gutxienez bederatzi hilabeteko lanak beharko lituzkeela Epeleko zabortegiak berriz ere zaborrak hartzeko moduan izateko; beraz Zaldibarko hondakinak epe motzean ezingo lituzke hartu.
Atzo Lakuako Gobernuak aurreratu zuen EAEko zabortegi publikoak prest zeudela Zaldibarko hondakinak hartzeko; Bizkaitik erantzun zioten, ordea, berehala ezetz eta gaur Debagoienako Mankomunitateak gezurtatu du iragarpena, «Mankomunitateak ez du oraingoz prestutasunik azaldu Epele zabortegia berriz ireki eta hondakin industrialak jasotzeko».
NAIZ Irratian Maite Anton mankomunitateko presidenteak azaldu du Epeleko zabortegia berriz zabaltzekotan ingurumen batzordean aztertu beharko dutela eta horren ostean Mankomunitateko juntak berak hartu beharko lukeela erabakia. Erabaki hori hartu ahal izateko beharrezko azterketa tekniko eta ekonomikoak egiten ari direla aurreratu du Antonek baina informazio hori eskuan izandakoan hartuko duela erabakia juntak berak.