Unai Pascual: «Diskurtsoa irabazita dago, baina erretorikatik ekintzetara bide malkartsua dago»
Gasteizen, eguerdiko mobilizazioan harrapatu dugu Unai Pascual zientzialaria larrialdi klimatikoaz hitz egiteko. Klima eztabaidaren erdian kokatzearen garrantzia azpimarratu du, baina hitzetatik ekintzetara dagoen tarteaz kezka agertu du.
This browser does not support the audio element.
«Uste dut beste hainbat gaietan bezala diskurtsoa irabazita dagoela, baina erretorikatik ekintzetara bide nahiko malkartsua dago egiteko». Unai Pascual zientzialariak larrialdi klimatikoaren hainbat adierazle jarri dizkigu mahai gainean eta hauei aurre egiteko berehala neurriak hartzeko beharra.
Oro har gaiarekiko kezka lehen planoan egon arren «iritzi kontrajarriak» ikusten ditu oraindik larrialdi honi aurre egiteko zer aukera baliatu daitezkeenaren inguruan. Bere hitzetan, «herrialde gehienak ez daude prest dagozkien etxeko lanak egiteko».
Urjentziaz mintzo da, «gaur bertan isuriak zerora murriztuta ere klimaren sistemak inertzia oso handia du eta ondorioak ekidin ezinak dira». Itsasoaren mailaren gorakada da zuzeneko eraginetako bat, urte gutxian 30-40 zm egin dezake gora, egoerarik onenean, eta ia metro bete behar diren neurriak hartu ezean, «pentsa zer eragin izan dezaketen denboraleek, ekaitzek, marea biziek... astero, edo hilabetero, izugarrizko kalteak izango genituzke. Horrek esan nahi du egokitzapen politika oso aktiboak jarri behar ditugula martxan berehala eta eta epe luzeko ikuspegian».
Norbere buruari begiratzeko beharra ere azpimarratu du Pascualek, «jendeari galdetuko nioke minutu bat har dezala egunean zenbat erregai fosil behar duen aztertzeko: zer jaten duen, non ekoizten diren jaki horiek, nola mugitzen garen... horiek guztiek badute erregai fosil esanguratsu bat».