Live
Agurtzane Auzmendi Agirre (Ataun, Gipuzkoa, 1974). Iruñeko Opusen Medikuntza ikasi zuen. MIR azterketa eta formakuntza Donostiako Ospitale Unibertsitarioan eta Andoaingo anbulatorioan egindakoa da. Medikua da. Bortzirietan egin izan du lan eta, egun, Mendaro Ospitaleko larrialdietan. Abesti egilea da eta Nerea Mendizabali abestiak egin dizkio hitzaldietarako eta Komunikazio Ez Bortitza saioetarako.
Agurtzane Auzmendik bere tribua zaindu eta maite du. Nahiz eta jakin gai labainkorretan dagoela, garbi hitz egiten duen horietakoa da, baina isiltasun poetikoak ere balio dio sosegurako. Anariren kantuen letra askok dekalogo ukitua dutela uste du. “Hil arte bizi” esaldia duen kamiseta soinean duela, solasaldi xaloa bezain interesgarria utzi du.
Agurtzane Auzmendik solasaldian zehar egindako hausnarketen laburpen txiki bat duzue ondokoa.
«Nire sorrerako abestiak elizako salmoetan daude, han sortu zitzaidan musikarako grina».
«Batzuetan elkarrizketa bat izan ondoren, memento horri atera diezaioket abestia hurrengo orduan. Mementoek eman didate sortzeko aukera».
«Inoiz ez ditut kantatu edo jo zuzenean nire abestiak, koru txiki batzuk izan ezik. Nerea Mendizabalek egiten du hori».
«Niretzat egun ona da nire buruarekin egon nahi dudan lekuan eta nahi dudan aldartearekin nagoenean, tenplearekin eta bakearekin».
«Onenak izatera derrigortuak gaude gizartean eta hori lortzeko askotan arrastaka gabiltza».
«Modan dago esatea “gero eta hobeto nago eta zoriontsuago nago” eta ez gara inoiz asetzen».
«Bakarrik sentitzea da maitasunik gabe sentitzea, triburik gabe, lagunik gabe, ingurukorik gabe».
«Emakume sare lagun taldea da nire tribua (familiaz aparte), eta hor sentitzen naiz eroso».
«Gure gorputza ere bada gure etxea, baita gure tribua eta baita gure herria».
«Etxegabeen eta desjabetza bizi duten errealitatea gordina da, hor ez dago gorputzik, ez herririk”».
«Etxe gabe dagoena biluzik dago».
«Herritik ateratzen diren ekimenak (KAS, afari solidarioak, esaterako) gabezia bati erantzuten diote. Jende hori ederki antolatzen da, eta herriaren mugimendu hori deseroso datorkio udalari, ez dut ulertzen zergatik».
«Bikoteetan isiltasunak ez dira hain poetikoak, badaude autozentsurak, memento egokia ezin topatu zerbait esateko eta isiltzen direnak».
«Pandemia garaia oso gogorra izan zen, ez dakit egia osoak esan ziren, ez dakit gezurrak esan ziren».
«Botika enpresak dira gerra industriaren atzetik, diru gehien kontrolatzen duena. Kontuz ibiltzeko jendilajea da, dirua egin nahi dutenak dira, baina baita osatzeko gaiak sortzen dituzte ere».
«Ez dago albo kalterik ez duen pilularik, txertoek ere badituzte albo ondorioak, prebentziorako hartzen dira, baina haiekin lortu da immunitate kolektiboa».
«Jendeak ez du beldurrik pilulak hartzeko eta hartzeko».
«Hasteko, geure buruari eutsi behar diogu, hil arte bizi».



