Live

Donostiako Udalak hiriko memoria historikoaren mapan gerrarekin eta diktadurarekin lotutako hainbat gertakari kokatu zituen, historiak izenez gain lekuak ere badituela erakusteko. Bonbardaketak hiri osoan zehar eman ziren bi fasetan: lehenengoak Donostiako estatu-kolpea oraindik jokoan zegoen bitartean gertatu ziren; bigarren fasea, berriz, hiriko matxinada garaitu ondoren etorri zen, kolpistek Donostiaren aurka airetik eta itsasotik egindako erasoekin.
Testuingurua ulertzeko ezinbestekoa da baliabideen arteko desoreka kontuan hartzea, estatu-kolpea prestatu zutenek soldaduak, artilleria, hegazkinak eta gerraontziak zituzten, Donostia defendatzeko antolatu ziren herritar eta milizianoek baino baliabide gehiago eta hobeak. Hala ere, hiria ez zen berehala erori, aurreko atalean azaldu bezala, uztailaren amaieran Loiolako kuartelak amore eman zuen eta matxinada geldiaraztea lortu zuten.
Lehen bonbardaketak hiri barruko borroken testuinguruan gertatu ziren uztailaren bigarren erdian. Uztailaren 28an kuartelak amore eman zuenean hiri barruko kolpea bukatuta zegoen, baina Donostiaren aurkako bonbardaketak ez. Abuztuan erasoak areagotu ziren. Hilaren 5ean biplano batek Igeldo bonbardatu zuen Union Radio San Sebastian irratiaren antena suntsitzeko asmoz, eta abuztuaren 13an sei hegazkin italiar hiriko hainbat auzo jo zituzten egun berean. Bonbardaketak ez ziren helburu militar jakin batera mugatzen, bonbak edonon erortzen ziren.
Handik lau egunera erasoa itsasotik iritsi zen, abuztuaren 17an, 18an, 22an eta 24an Almirante Cervera eta España gerraontzi kolpistek Donostia bonbardatu zutenean. Obusak Urgullen, kaian, Kontxan, Grosen, Egian, Aieten edota Añorgan erori ziren, besteak beste. Batzuetan jomugak militarrak ziren, baina bonbak eta obusak bestelako eraikinetan ere erori ziren, kalte materialak, zaurituak eta hildakoak eraginez.
Bonbardaketen mapak, beraz, ez du soilik bonba bakoitza non erori zen erakusten. Donostiak 1936ko uda hartan bizi izan zuen indarkeriaren hedadura ere erakusten du. Hiriko matxinada geldiaraztea lortu zuten arren, kolpistek airetik eta itsasotik hiria erasotzeko baliabideak zituzten, eta behin eta berriz erabili zituzten. Donostiarrek uda hartan ikusi zuten gerra ez zela fronteetara mugatzen eta ezerk ez zuela bonben aurrean babesik bermatzen.


