Live
«Poema bat lehenenegoan osorik ulertzen bada aukera bat galdu da»
Aitaren eta aitonaren heriotzen tartean, 2022tik 2024ra, idatzitako poesiek osatzen dute ‘Denboraren esku urdinak’ (Susa, 2026). Peio Iturralderen (Bilbo, 1986) lehen argitalpena da. Ez du denontzako idazteko asmorik, baina sinesten du komunitatean. Posizio horretatik idazten du poesia.
«Poema bat lehenenegoan osorik ulertzen bada aukera bat galdu da»

Bi heriotzen arteko poema uzta da liburua. Nola jaio da?
2019a oso urte zaila izan zen niretzat, 2020a ere denontzako izan zen hala. Momentu batean erabaki nuen ez nuela gehiago idatziko. Behartzen ninduen denbora gehiegi ematera nire buruan sartuta, analizatzen, sentitzen... Eta pentsatu nuen ez zidala ondo egiten horrenbesteko barne begirada horrek. Baina aita hil zenenean, bat-batean... Heriotza benetan hain da gauza hotza eta aseptikoa! Hala dio poemetako batek: ‘Heriotzak ez du poesiarako tarterik uzten’. Eta hori sentitu nuen momentu horretan. Aita etxean zegoen, lurrean hilda. Polizia zegoen etxean. Bakarrik hil zenez, poliziak joan behar zuen begiratzera zer gertatu zen. Etxera sartu nintzenean polizia batek sukaldera eraman ninduen. Gorpua aita zela berretsi nuen eta eraman egin zuten. Nik heriotzari eskatzen nion mesedez emateko aukera poesiarentzako. Momentu horretan gehiago idazten hasi nintzen, eta orain etenik gabe.
Egia da nik batez ere maitemindu izan naizenean edo harremana amaitu denean idatzi izan dudala. Baina filosofia ikasi nuenez eta pertsona militantea naizenez ere, badago parte arrazional bat esaten duena poesiak ere beste betebehar batzuk dituela edo beste aukera batzuk ematen dituela. Gure irakasle batek esaten zuen poesiak balio beharko lukeela filosofia egiteko eta pentsamendu abstraktua lantzeko. Liburuan oso argi dago, baina orokorrean nire idazki guztietan dago gauza horien guztien arteko borroka. Batetik, berez ateratzen zaidan momentu erromantiko hori; bigarrenik, saiatzea gauza abstraktuagoak egiten, eta bestetik poesia politikoa egin nahi izate bat eta neurri batean ez lortzearen gatazka hori. Nik ez dut inondik inora ere esango liburu honetakoa ez naizenik ni. Kasu honetan ez dago inolako arrakalarik liburua eta nire artean.
Eta nondik dator izenburua?
Izenburuarekin eztabaidak izan ditugu, editore nagusi eta laguntzaileekin eztabaida onak izan ditut. Leire Lopez Ziluaga da editore nagusia, baina Iñigo Astizek eta Itziar Ugartek ere lagundu dute. Izugarri lagundu dute eta hori eskertu nahi dut, jauzi kualitatibo bat egon delako. Eta izenburuarekin ez zeuden oso ados hasieran. Adibidez, batez ere Iñigok, esaten zuten izenburua ez zegoela liburuan, ez zela liburutik ateratzen haien ustetan. Baina niretzako sarrera bat ematen dio liburuari. Denbora badago, eskuak ere badaude eta urdina, urdinak dituen irakurketa posibleak, ere badaude. Urdina, tristeziarekin lotua; euskarazko ile urdina, zahartzearekin lotua. Hortaz, hutsik edo triste dauden eskuak lirateke. Niretzako horrek oso ondo jasotzen du eta oso ondo iradokitzen ditu neurri handi batean liburuan jasotzen diren zenbait ideia, emozio edo kontzeptu. Esaldia bera nondik datorrenaren azalpena oso tontoa da. Zientzia fikziozko nobela batean pertsona batek antzeko esaldi bat esaten du ingelesez: denborak nire eskuak urdindu ditu edo nire eskuak denboraz urdin daude edo horrelako zerbait. Iruditu zitzaidan oso ondo jasotzen zuela ideia hori.
«Onartuko dut nerabea nintzenean imajinatzen nuela nire burua mendian bizitzen etxetxo batean eta idazten. Baina gero denborarekin kontatu naiz ezetz, idatzi behar dela kalean, jendearekin»
Editoreak aurkezpenean nabarmendu zuen poeta ez dela begirale hutsa. Zer esan nahi duzu poesia politikoa egiten duzula esatean?
Nik ere ez daukat oso argi, ez naiz gai erantzun borobil bat emateko poesia eta politika nola uztartu beharko litezkeenaren inguruan. Zalantzak ditut. Baina nik badakit nire poesia, nik idazten dudanak, egon behar duela errotua nire bizitzan, nire inguruan eta nire zalantza eta beldurretan. Beti pentsatu izan dut, nolabait, zerbait eskaini behar zaiola ere munduari, poesia honek egon behar duela munduan. Nire aitak esaten zidan jende guztiak gorroto duela mundutik aparte dagoen pentsalari bat. Eta hori filosofia ikasketetan ere ikusi nuen askotan. Mendiko agurea esaten diot nik horri txantxetan. Pertsona bat mundutik isolatua bizi dena eta lantzean behin mundura jaisten da eta bere egia ematen dio munduari. Ez, nik hori ez nuen izan nahi, gorroto dut hori. Beno, gezurra. Momenturen batean nahi izan dut pixka bat [barreak]. Onartuko dut nerabea nintzenean imajinatzen nuela nire burua mendian bizitzen etxetxo batean eta idazten. Baina gero denborarekin kontatu naiz ezetz, idatzi behar dela kalean, jendearekin.
Poemetan batzuetan mezua edo hitzak baino gogorragoa da idazteko era. Nahita?
Bai. Formarekin beti eduki dut borroka handia. Beti eduki dut poesia iluna idatzi eta mezuak argi esatearen arteko etengabeko gatazka bat. Atzera egiten badut adibidez nire lehenengo bildumetara, esaldiak dira argi eta garbi haien baitara bildutakoak. Oso esaldi itxiak, ilunak, ez dutenak hain argi esaten esan nahi dutena... Nik nire baitara Lorca eta Miguel Hernandezen arteko borroka esaten diot: beti nahi izan nuen Lorca izan, baina denborarekin joan naiz Hernandezen aldera gehiago lerratzen. Eta formarekin hori izan da nire intentzionalitatea. Agian lehenengoan ez duzulako ulertzen poema guztia, baina bigarrenean bai. Ez duzu dena ulertuko, baina gauza inportanteenak bai. Halako zerbait. Bidean ere gauzak aldatuko dira, eta hori ondo dago.
Irakurleari ere zerbait exijitzen diozu orduan?
Bai. Askotan idazleei galdetzen diete ‘zuk pentsatzen duzu noizbait publikoarengan?’ Eta ezetz esaten dute. Ba nik bai. Nik galdetzen diot nire buruari ia nork irakurriko lukeen hau edo nork nahiko nuke irakurtzea edo nork irakurriko duen. Orain arte nire irakurle bakarra nire ama izan da. Idatzi dudan guztia irakurri du, eta ama eta biok antipodetan gaude literaturaren aldetik. Berak beti esaten dit zaila dela eta ez dela ulertzen. Eta ados, badakit profil batentzako zailagoa dela. Baina nik uste dut poesiak, bere materialtasunetik, baimentzen duela hiruzpalau aldiz jarraian irakurtzea poema bat. Orduan, zergatik ukatuko diogu berez daukan gaitasun hori? Nobela astun, sakon edo ilun bat ezin da bizpahiru aldiz jarraian irakurri. Baina poema bat edo ipuin labur bat bai. Literatura forma bakoitzaren materialtasuna ere baliatu behar duzu egin nahi duzuna egiteko. Poema bat lehenengoan oso-osorik irakurri eta dena ulertzen badut, beti pentsatzen dut aukera bat galdu dela hor.
«Geroz eta indibidualistagoak gara, geroz eta behar handiagoa dugu komunitatean bizitzeko, geroz eta gehiago analizatzen dugu nola izan beharko litzatekeen hori... Baina gero ez dugu egiten. Ni ere nago zurrunbilo horretan galduta»
Liburua antolatzeko ‘omnia sunt communia’ esapidea baliatu duzu. Bi heriotza artean idatzia egon arren, komunitateari eta bizitzari egiten diozu erreferentzia.
Asko ari gara azpimarratzen bi heriotzen artean idatzitako poemak direla, baina ez dira horrenbeste heriotza horien inguruko poemak. Sei ataletako bat bai, horretan dago zentratua, baina nik esango nuke gehiago dela bakardadearekin lotutako emozioen liburu bat. Bakardadea emozio bezala. Ni pertsona bakartia naiz eta gustuko dut bakarrik egotea, baina egia da bi urte horietan zehar oso bakarrik sentitu izan nintzela une askotan. Hortik abiatzen dira poema asko eta, bai, bilduma tristea da. Badakit.
Gauza pila bat batu ziren urte horietan. Batu zen ere nire azkenengo sei urtetako lana amaitu zela eta lan gabe eman nituela hilabete batzuk. Beraz, bakardadea, denbora librea eta lan gabe egotea batu zitzaidan... Zer da lana? Zer langabezia? Eta komunista txarra izanik, baina komunista, asko pentsatu nuen gai horien inguruan. Gauza horiek guztiak oso presente daude niretzako. Nola izan langile klasekoa lanik egin gabe; nola hitz egin zaintzaz, baina amama beste pertsona batek zaintzea; militantzian bai, baina gero harreman horiek nola zaindu ez jakitea... Jendea asko maite dugu, baina gero, maite dugun pertsona horiek zaintzen badakit nik? Askotan uste dut ez dudala jakin izan. Orduan, emozio horiek oso presente daude. Eta zentzu horretan, bai, tarteka liburu tristea da. Hala ere, egia da nik umorera asko jotzen dudala, orduan, agian ez da hain begi-bistakoa, baina umorea beti dago presente liburuan.
Eta Bilbon posible al da komunitatean bizitzea?
Ez dakit erantzunik dudan. Nik uste dut baietz. Agian gure buruei presio handiegia jarri diegu azken hamarkadetan bizitza komunalaren kontuarekin. Lehen ez zegoena, baina naturalago ateratzen zena. Gure aiton-amonek guk ez ditugun beste sare batzuk zituzten. Eta geroz eta jende gehiago bizi da bakarrik. Badago halako borroka bat, geroz eta indibidualistagoak gara, geroz eta behar handiagoa dugu komunitatean bizitzeko, geroz eta gehiago analizatzen dugu nola izan beharko litzatekeen hori... Baina gero ez dugu egiten. Ni ere nago zurrunbilo horretan galduta. Beti jendez inguratua eta erabaki kolektiboak hartzen edota asanbladak egiten.. Baina gero batzuetan etxera zoaz eta ez duzu nori kontatu zerbait.



