Live

Peli Lekuona | Iraia Cambra

Miren Zabaleta: «Atzera begira baino, aurrera begiratu behar dugu»

Miren Zabaleta Nafarroako EH Bilduren arduradun politikoa izan da NAIZ Irratian ostegun honetan. Laura Aznalen hautagaitzaz, 2027ko hauteskundeez, eskuin muturraren arriskuaz, autogobernuaz eta euskararen estatusaz aritu da, baita PSNrekin duten harremanaz eta Ceutako krisiaz ere.

Miren Zabaleta: «Atzera begira baino, aurrera begiratu behar dugu»

Loading player...
Miren Zabaleta, Nafarroako EH Bilduren arduradun politikoa NAIZ Irratiko mikrofonoetan.
Miren Zabaleta, Nafarroako EH Bilduren arduradun politikoa NAIZ Irratiko mikrofonoetan. (NAIZ)

EH Bilduren Nafarroako Mahai Politikoak Laura Aznal proposatu du 2027ko foru hauteskundeetan Nafarroako Gobernuko lehendakarigai izateko. Miren Zabaleta Nafarroako EH Bilduren arduradun politikoak azaldu du NAIZ Irratian hautagaitzak alderdiak azken urteetan egindako ibilbideari jarraipena ematea duela helburu.

«Datozen hauteskundeetarako hautagaiak aukeratzeko bideari ekin diogu», azaldu du Zabaletak. Bere esanetan, Aznalek azken urteetako ibilbidearen bermea du eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko hautagai egokia da. «Nafarroan aurrera eraman nahi genituzkeen gauzetarako emakume eta hautagai sendoa da Laura Aznal».

EH Bilduk proiektu politikoa sendotuta ikusten duela eta 2027ko hauteskundeetara indartsuago iristeko aukera dutela gaineratu du.

«EH Bildu ezinbesteko indar politikoa izan da»

Aurreko hauteskundeetan EH Bilduk ‘11 erronka, 11 konpromiso’ dokumentua aurkeztu zuen. Legegintzaldiaren amaierara begira, Zabaletak balantze positiboa egin du Nafarroako bloke aurrerakoian koalizioak izan duen paperaz.

«EH Bildu ezinbesteko indar politikoa izan dela uste dut», adierazi du. Bere esanetan, azken urteetan hainbat politika publikotan urratsak bultzatzeko aukera izan dute, baina orain hurrengo ziklo politikoari begiratzeko garaia da: «Atzera begira baino, aurrera begiratu behar dugula uste dugu».

2027ko hauteskundeak Nafarroaren norabide politikoa erabakitzeko une garrantzitsua izango direla uste du. Alde batetik, UPN eta eskuina oposizioan mantentzea jarri du helburuen artean; bestetik, etxebizitza, zerbitzu publikoak, lidergo publikoa eta autogobernua bezalako gaietan urrats gehiago egitea. «Agenda horretan bulkada emateko ordua da», nabarmendu du.

Eskuin muturraren aurrean, «autoritarismoari ateak ixtea»

Zabaletak eskuinaren eta eskuin muturraren gorakadari ere erreparatu dio. EH Bilduren indarguneetako bat testuingurua aztertzeko gaitasuna izan dela defendatu du. «Gure arrakastaren oinarrietako bat egoera politiko eta sozioekonomikoa irakurtzeko eta analizatzeko gaitasuna izan da», adierazi du.

Bere esanetan, Estatu espainolean zein frantsesean eskuinaren eta eskuin muturraren gobernuak osatzeko arriskua kontuan hartu behar da. Horren aurrean, EH Bilduren lehentasun nagusietako bat «bloke autoritario eta neofaxista» geldiaraztea izango dela esan du.

«Lehentasunak argi ditugu, egoeraren azterketa zorrotza egiten dugu», azaldu du. Norabide horretan, «autoritarismoari ateak ixtea» eta herritarren gehiengoaren mesedetan politika publikoak egitea jarri ditu ardatz.

«Autogobernua defendatu eta sendotzeko unean gaude»

Testuinguru horretan, autogobernuak ere garrantzi berezia hartzen duela defendatu du Zabaletak. «Autogobernua defendatu eta sendotzeko unean gaude», adierazi du.

Bere ustez, tresna horiek ezinbestekoak izan daitezke etorkizunean politika sozial eta publiko propioak garatzeko eta eskuin muturraren balizko gobernuen aurrean herritarren eskubideak babesteko.

EH Bilduk bere proiektu politikoa zabaltzen jarraituko duela azaldu du, baina, aldi berean, bestelako indarrekin akordio zabalak bilatzeko prest dagoela.

Euskararentzako beste estatus bat

Nafarroako euskararen egoerari dagokionez, Zabaletak zonifikazio linguistikoa gainditzeko beharra berretsi du. «Euskarari bestelako estatus bat eman behar zaio Nafarroan», nabarmendu du. Euskararen Legearen egungo eredua 1980ko hamarkadatik datorrela eta ordutik «ezer gutxi» mugitu dela adierazi du.

Hala ere, azkenaldian hainbat jarrera aldatzen ari direla uste du. Adibide gisa jarri ditu Nafarroako hainbat arduradun politikok euskararen ofizialtasunaren edo Foru Hobekuntzaren aldaketaren inguruan egin dituzten adierazpenak.

«Ziurrenik ez da guk nahiko genukeen mailara iristen, baina orain arte tabua zena eztabaidatzen hasi dela argi dago», esan du. Bere ustez, horrek aukera berriak ireki ditzake urte luzez desadostasun iturri izan diren gaietan adostasun zabalagoak lortzeko.

Ceuta: «Krisi humanitario konplexu baten aurrean gaude»

Ceutan bizi den egoeraz ere galdetu diote Zabaletari. Eskuina eta eskuin muturra auzia erabiltzen ari diren modua kritikatu du, eta EH Bildu ez dela haiek proposatutako markoan sartuko azpimarratu. «Krisi humanitario konplexu baten aurrean gaude», adierazi du.

Bere ustez, egoerari nazioarteko zuzenbidetik eta giza eskubideen ikuspegitik heldu behar zaio, bereziki adingabeen babesa bermatuz eta pertsonak erdigunean jarriz.

Arazoaren sustraiak sakonagoak direla ere defendatu du: «Bi abiaduratako planeta bat daukagu», esan du, herrialdeen eta pertsonen arteko desberdintasunak gero eta handiagoak direla nabarmenduz.

«Hitza betetzen dugu»

2027ko hauteskundeei begira, UPN Nafarroako Gobernura ez itzultzeko konpromisoa ere berretsi du EH Bilduk.

«Hitza betetzen dugu», esan du Zabaletak. «Guregatik bada, UPN eta eskuinak ez dira Nafarroako Gobernura bueltatuko».
Horrez gain, EH Bildu indartsuago batek bloke aurrerakoiari «abiada, sakontasuna eta anbizioa» emateko lan egingo duela hitzeman du.

PSNrekin duten harremanaz galdetuta, bi alderdien arteko desberdintasunak ez ditu ezkutatu. «Proiektu politiko ezberdinak ditugu eta kultura politiko ezberdinetatik gatoz», aitortu du.

Hala ere, azken urteetan elkarlanerako bide bat eraiki dutela defendatu du. «Urteen poderioz sendotasuna duen bide bat eraikitzen joan gara, nork bere proiektu politikotik», azaldu du. Bere ustez, «bide honek ez dauka atzera bueltarik».

Iruñeko alkatetzari dagokionez, berriz, ez du baieztatu Joseba Asiron berriro hautagai izango den. «Datozen egun eta asteetan emango dugu udal eta foru hauteskundeetarako hautagaien proposamenen berri», esan du.

Jaurlaritza Logoa