Live

Udan zehar hainbat gai abstraktu eta aske landu ditugu ordubeteko saio berezietan, eta gaur ildo beretik jarraituko dugu. Gaurko gaia bizirik sentiarazten gaituen musika izango da; ezin, bada, gai abstraktuagorik landu.
Orain eta hemen, aitorpen bat: oso gai eta kanta hautaketa pertsonala da, nire bizitzan gertatutako zerbaitekin lotutakoa. Musikara —hitz potolo horretara: diskoak, kontzertuak, irakurketak, kultura— 14 urterekin heldu nintzen. Lehenengo 10-15 urteetan guztia jaia eta energia askatzea izan bazen ere, konturatu nintzenerako soinu atmosferiko, erromantiko eta nostalgikoen preso nintzen. Hollywoodeko galtzailearen irudian galduta nengoen.
Baina, beste hamar urteren bueltan eta konturatu gabe, beste unibertso batean nengoen berriro. Galtzailearen erromantizismoak ez ninduen asetzen. Beste zerbait behar nuen. Eta hor Viva Belgrado eta Jaime Ladrón de Guevara ezagutu nituen. Biak andaluziarrak, nire familiaren erdia bezala; biak rock alternatiboaren semeak. Lehenengoak, post-rock eta screamoaren nitxoan; bigarrena, rock poetiko eta epikoa lantzeko talentu izugarriarekin. Biek, nahi gabe, mezu argi bat bidaltzen zidaten: bizirik sentitzea gauza ederra dela. Viva Belgrado, Catorce, De La Cuna A La Tumba edo Tenpel entzuterakoan horrela sentitzen nintzen: BZRK.

Eta nahi gabe diot, ziurrenik beren ibilbideetan zehar bestelako helburuak izango zituztelako. Baina igogailuko elkarrizketetan aipatzen ez diren gaiei heltzeko duten modu horrek —zeure itzalari ere ia kontatzen ez dizkiozun gauza horiei guztiei heltzeko moduak— idei hau sendotzen laguntzen du: gizakia, bere unibertso propioan, kontatzen duena baino askoz gehiago dela.
Gainera, gure eszenako taldeak zein nazioarteko talde handiak ere entzungo ditugu: Bananas, Habi, Dena, Mamu, Touché Amoré, Gallows eta Violent Soho.


