Live

Uda ate joka dugun une honetan, Iruñeko zenbait auzoko bizilagunek ezingo dute Larrabideko igerilekuan udako egunak igaro. Nafarroako Gobernuak printzipioz ez du igerilekua irekiko, eta Sagrario Ariztegifranciak, «bazkideen eskubide urraketa» dela salatu du. Itxieraren aurrean, edo itxiera ekiditeko, 'Larrabide Bizirik' plataforma eratu dute, eta 4.000 sinadura baino gehiago bildu dituzte gobernuaren erabakiaren aurka. Iruindarra saioko bigarren atal honetan, plataformako iritzia jaso dugu: «Igerilekuko bazkide asko errekurtso gabeko familia dira, zein da aterabidea?».
Ariztegifranciak Gelbentzun lekurik ez dagoela azaldu du, eta balizko igerileku olinpikoa beste lekuren batean eraki behar dela aldarrikatu du: «Lezkairun kirol hiria eraikitzeko asmoa badago, egin dezatela bertan». Igerilekuko bazkideek uda non igaroko duten galdetu, eta Iruñeko Udalaren geldotasuna ere kritikatu du. Hala eta guztiz ere, eta erantzun baten zain daudela, baikorra da.
Hori ez ezik, agenda kontuak ere landu ditugu saioan. Larunbatean egun handia dute Txantreako auzoan, eta Gaizka Zalduendok, Euskaldunon Biltoki elkarteko kideak auzoko Jaki Toki jantoki komunitarioarekin batera antolatu duten dinamika hurbildu digu: «Egitarau oparoa prestatu dugu elkarrekin amestu eta elkarrekin borrokatzeko».



