Live
«Dena gizakiaren zerbitzura / gizakia, zertarako?». Galdera asko topa ditzakegu Del Val taldearen 'Duda-Muda Karrusel Geldiezina' diskoan. Bidaia introspektibo baten emaitza dira diskoko zortzi kantuak. Sare sozialei, ahanzturari eta maitasun erromantikoari buruz hausnartzera gonbidatu gaituzte Jon Garcia del Val eta Marta Ugarte Nuinek. Bien artean bateriez, gitarraz, baxuaz, sintetizadoreez eta ahotsez arduratzen dira.
«Pop disko bat da, baina ez dira pop klasiko baten erritmoak» esan digu Ugartek. Izan ere, «konpas karratuetik irtetea gustatzen zait» aitortzen du del Valek. Azken diskoko pare bat abesti hartu eta estilo akustikoagora egokitzeko moldatu dituzte Bigarren Kafeko elkarrizketa akustikoetarako.


